Aleo Vitro eta IDDTEKeko profesionalek beren esperientziaren berri eman dute Gaztedi Txorierriren mahai sektorialetan, gazteei beren lan-ibilbidea aukeratzen laguntzeko

Aleo Vitro eta IDDTEKeko profesionalek beren esperientziaren berri eman dute Gaztedi Txorierriren mahai sektorialetan, gazteei beren lan-ibilbidea aukeratzen laguntzeko

Gai hauek izan dira protagonista aurtengo Gaztedi Txorierri programako mahai sektorialetan: lan-ibilbideari ekitean izan beharreko jarreraren garrantzia, industria-enpresa bateko pieza baten diseinuan eta sorkuntzan parte hartzen duten profil guztiak, ekintzailetzarako eta enpresa bat sortzeko bidea eta esperientzia pertsonalekin lotutako beste zenbait kontu. Gaztedi Txorierri programa urtarrilaren 20an eta 22an egin zen, Politeknika Ikastegian, Batxilergoko lehen mailako ikasleei zuzenduta.

Bertan izan ziren, egun desberdinetan, Aleo Vitro bioteknologia-enpresako Eneko Ochoa eta Antonio Laso batetik, eta IDDTEK ingeniaritza-zerbitzuen enpresako Irene Rodríguez bestetik.

Topaketak Gaztedi Bizkaia programaren parte dira (Txorierriko Zerbitzuen Mankomunitateak eta Bizkaiko Foru Aldundiak finantzatzen dute). Programa horren helburua da gazteei laguntzea beren ibilbideak eta eman beharreko prestakuntza-pausoak zein izango diren erabakitzen. Mahai sektorialen bidez, profesionalek beren esperientzia ezagutarazten diete ikasleei, lan-mundua nolakoa den hobeto uler dezaten, eta gustuko dituzten lanbideetan lan egitera iristeko zer ikasketa egin ditzaketen jakin dezaten.

Jarduera horiek badute beste helburu bat ere: STEM prestakuntzetara (zientzia, teknologia, ingeniaritza eta matematika) argi eta garbi orientatuta dauden lanbideak eta enpresak ezagutaraztea, etorkizunean adar horretan enplegu-eskari handia egongo dela aurreikusten baita; eta, aldi berean, genero-berdintasuna sustatzea.

Aleo Vitro: Teknologia Parkeko inkubagailutik ateratako proiektua

Eneko Ochoak eta Antonio Lasok Alea Vitro nola sortu zuten kontatu ziguten. Ochoak esan zuenez, betidanik gustatzen zaizkio landareak, eta horregatik hasi zen botanikako heziketa-ziklo bat ikasten Arkauten. Beranduago, Biologiako lizentzia ikasi zuen Alcalá de Henaresko Unibertsitatean. Lasok, aldiz, Kimika Zientziak ikasi zuen eta Japoniara joan zen doktoratu ondoko beka batekin.

Zamudioko Teknologia Parkeko enpresen inkubagailuan ezagutu zuten elkar 2008an, eta 2012an lehen pausoak eman zituzten elkarrekin enpresa bat sortzeko. Hainbat pertsonaren laguntza eta babesari esker (horien artean, Biokabiko zuzendari Fernando Bovedilla), 2014an Alea Vitro sortu zen, eta bazkide gisa hasi ziren lanean.

Gaur egun, hiru gizon eta hiru emakumek osatzen dute enpresa, eta desagertzeko arriskuan dauden landare-espezieak berreskuratzeko eragile laguntzaile gisa jarduten dute. Landare horiek dira, besteak beste, artemisia, Sierra Nevadan bakarrik hazten dena, eta lupulua, Bizkaian desagertua eta in vitro ugalketa bidez berreskuratua. Horrez gain, profil metabolikoen analisiak egiten dituzte eliteko kirolarientzat, baita farmakoekin eta beste printzipio aktibo batzuekin lotutako laginen analisi kimikoak ere. Gainera, lan-ildo horren barruan, Bill eta Melinda Gatesen fundazioarekin lankidetzan aritzen dira, mundu osoan malaria desagerrarazteko farmako merkeak garatzeko xedearekin.

IDDTEK: industria-piezen diseinutik zerbitzu teknikora

Bestetik, Irene Rodríguezek kontatu zuen 2004an amaitu zuela diseinu mekanikoko heziketa-zikloa, eta ondoren ingeniaritza-zerbitzuen enpresa bat sortu zuela, IDDTEK. Gaur egun, ingeniaritzako tituluak dituzten eta fabrikazio mekanikoko, industria-diseinuko eta robotikako heziketa-zikloak egin dituzten 48 pertsonak egiten dute lan bertan.

Industria-enpresetan, profil horietako guztietako profesionalek hartzen dute parte pieza bat egiteko faseetan, hasi pieza diseinatzen denetik eta zerbitzu teknikoa eman arte. Rodríguezek xehetasun handiz azaldu zigun nolakoak diren prozesu horretan (diseinatzea, kalkuluak egitea, prototipoa sortzea eta pieza ekoiztea) parte hartzen duten lanpostu guztiak.

Horrez gain, enplegua aurkitzeko eta lan-ibilbidean aurrera egiteko garrantzitsuak diren zenbait gako eman zizkien gazteei, bere esperientzia oinarri hartuta. Adierazi zuen ezagutzak ematen dituela lanerako aukeren % 15, eta esperientziak % 35, baina garrantzitsuena jarrera dela eta, hain zuzen, horren araberakoa dela lanean hasteko aukeren % 50.