“Urtero milioi bat euro inbertitzen dugu talentua bilatzeko”

“Urtero milioi bat euro inbertitzen dugu talentua bilatzeko”

ELKARRIZKETA PDF DESKARGATZEA

RDT Ingenieros enpresak, talentu espezializatua bilatzeko bizkortasunari esker, mundu osoko firma handiak ditu bazkideen artean, eta hazkuntza handiena duten Europako enpresetako bat da.

Laguntza teknikorako ingeniaritza-enpresa horrek, soilik hamar urterekin, 36 milioi euro baino gehiago fakturatu zituen 2015ean; orain, beste egoitza bat ireki berri du Casablancan (Maroko), Bilbokoari, Madrilgoari, Bartzelonakoari, Erresuma Batukoari eta Mexikokoari batzeko.

“Sare oso dibertsifikatua antolatuz gero, sektore batek behera egitean gainerakoek ez dute behera egingo; horrela, baskulatu eta aldakortasuna azter dezakezu”

“Guk, geure proiektuak garatu ordez, talentua jartzen diegu eskura bezeroei, euren proiektuak gara ditzaten. Talde zehatza osatzen dugu, une aproposenean”, azaldu du enpresaren sortzaile eta CEO Benjamín Rosendek (Santurtzi, 1975). Software-enpresa batean hamar urte eman eta hainbat zuzendaritza-kargu izan ostean, bere enpresa sortzeari ekin zion, tartean MBA bat eginda.

Elkarrizketa hasi aurretik, begiratu bat egin dio zilar-koloreko bere iPadaren pantailari, Bizkaiko Teknologia Parkeko instalazioetako bulego batean. Londresetik lan egin ohi du, enpresa bideokonferentzien bidez eta “ordu ugari” emanez koordinatzen.

Zazpiehun mila curriculum

“Urtero ia-ia milioi bat euro inbertitzen dugu talentua bilatzeko. Gure datu-basean 700.000 curriculum inguru ditugu, eta, horri esker, edozein sektoretarako talentua bila dezakegu bezeroek baino askoz azkarrago”, esan du. Enpresako langileek instalazio propioetan, bezeroaren bulegoetan nahiz atzerriko proiektuetan jarduten dute.

Formula horren bitartez, RDT Ingenierosen zerbitzuetara jotzen duten enpresek prêt-à-porter taldeak sor ditzakete bizkor-bizkor; hala, “kostuak aldakor bihur ditzakete, eta proiektuak hutsetik abiatuta baino azkarrago entregatu, ‘time to market’ delakoaren mesedegarri”. Bestalde, beharrezkoa izanez gero, besteak beste hardwarearen edo lizentzien zerbitzuak eman ditzakete, proiektua bideragarria dela eta ondo garatuko dela bermatzeko.

Benjamín Rosende (RDT) y Alex Loustaunau (Egaz Txorierri)

Misioa bezain argi dute etorkizuneko ikuspegia: “Hemendik hogei urtera bi enpresa mota egongo dira: bata, patente eta produktu propioak, garapen-ziklo laburrak eta talentuaren beharra duena; eta bestea, berriz, etengabe talentu bila dabilena eta beste enpresei lantaldeak bizkor sortzeko bide ematen diena”.

Talentu-hornitzaileen merkatu horretan “gero eta eragile gutxiago arituko dira mundu osoan; plantilla handiak dituzten eragileak izango dira, indartsuak, euren buruan inbertituko dutenak”, adierazi du Rosendek. RDTk apustu sendoa egiten du alde horretatik ere: onuren bi herenak berriz inbertitzen dituzte.

Aniztasuna, estrategia

Proiektu bakoitzak urtebeterako edo bi urterako lana ematen du; dena dela, epemuga aldatuz joan daiteke. Askotariko sektoreetarako lan egiten dute: automozioa, trenbideak, energia, petrokimika… Hain zuzen ere askotariko bezero-zorroari esker lortu du enpresak urterik urte hazkuntzari eustea mundu osoa krisialdian zegoela, merkatu-zikloen aldaketak gorabehera.

“Sare oso dibertsifikatua antolatuz gero, sektore batek behera egitean gainerakoek ez dute behera egingo; horrela, baskulatu eta aldakortasuna azter dezakezu. Espezializazio pixka bat galduko duzu, baina, azkenean, beherakadei eta gorakadei aurre egin diezaiekeen hornidura-kate bat lortuko duzu”, adierazi du Rosendek. Gainera, jarduera-adar askotan egoteak negozio-aukera berriak ekartzen dizkie: “sektore ugarirekin harremanetan egoten garelako egiten ditugu zenbait proiektu”.

Dibertsifikazioak, ordea, abantaila nagusi bat ematen die: merkatua astero auskultatzen dute, eta etorkizuneko nondik norakoak aurreikus ditzakete modu horretan. Nolako talentua eta zenbat behar den jakitea, hain zuzen, enpresaren jarraibidea eta estrategia zehazteko adierazlea da.

RDTren ordezkaritza bakoitzak bere inguruko enpresei baino ez die zerbitzu ematen, hartara ez baitute distantziagatiko arazorik izango eraginkortasunez lan egiteko orduan. Eskemaren erdigunean enpresa nagusia dago: zelula bakoitzaren zerbitzu orokorrak zentralizatzen ditu, sinergiak baliatzeko (erosketak, softwarea, etab.). “Zuzendari guztiak autonomoak dira, eta egoki iruditzen zaien moduan bidera dezakete beren inguruko negozioa”, azaldu du Rosendek.

Langileen % 80 mugagabeak dira

2013tik gaur arte, enpresak ia-ia bikoiztu egin du langile kopurua, 400 pertsonatik 760ra. Euskal industriako enpresa nagusiek abiadura horretan (edo are motelago) sortu ohi dute enplegua “Bizkorrago ere haz gintezke, baina ez dugu kanpoko konpainiarik erosi nahi; horrek gure filosofia hautsiko luke”, esan du RDTren sortzaileak.

Nagusiki LHko goi-mailako teknikariak eta ingeniari diplomadunak eta goi-mailakoak dituzte, baina baita beste langile-mota batzuk ere. Nazioarteko talentu asko hartzen dugu –guztien % 10 inguru–, batzuetan estatuko merkatuan ez dauden profilak eskatzen dizkigute eta”. Bestalde, bistako arrazoi etiko bategatik, ez dute kontratatzen zuzenean euren bezeroengandik datorren profesionalik.

“Jendea ondoen zaintzen duen laguntza teknikoko ingeniaritza-enpresa izan nahi dugu”

Langileen % 80 mugagabeak dira, eta hori ez da batere ohikoa gaur egun. Gainera, euren egitura lehiakideena baino “% 20 edo 30 meheagoa” da, eta horrek are lehiakorrago bihurtzen ditu. “Guk ez daukagu posturik, pertsonei eskuordetutako prozesuak baizik. Enpresaren eta norbanakoaren arteko harremana malguagoa da, baina horrek erantzukizun handiagoa ematen dio norbanakoari. Ez dago pertsona bat eta erdi prozesu bakoitzeko”, zehaztu du.

Enpresako langileen % 3 bezeroek kontratatzen dituzte. Hori, taldearen txandaketa baino gehiago, balioa da berez, RDTk modu horretan preskriptoreak eduki ahal baititu enpresetan.

Etorkizunerako ikuspegia

Langile gogobetea, bezero gogobetea” binomioarekin jarraitu nahi dute aurrerantzean ere. Konpainiak diru asko jartzen du prestakuntzarako, bere talentua merkatuko lehen lerroan egon dadin. Honela laburbildu du Rosendek: “Gure langileak direna gara gu ere. Jendea ondoen zaintzen duen laguntza teknikoko ingeniaritza-enpresa izan nahi dugu. Zenbat eta talentu gehiago erakarri, orduan eta gusturago egongo da bezeroa. Eta gure hazkuntzaren oinarria bezeroen konfiantza da”, esan du, bukatzeko.

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


*

Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>