Norbait kontratatzean, jarrera oinarrizko baldintza da

Norbait kontratatzean, jarrera oinarrizko baldintza da

Irene Rodríguez
IDDTEK-ko gerentea

Irene Rodríguezek baditu pozik egoteko arrazoiak. Bere enpresak, IDDTEK Ingeniería Diseño y Desarrollok, 10 urte egin ditu, eta balantzea ezin positiboagoa da. “Hasieran enpresa oso txikia ginen, baina denbora honetan guztian esponentzialki hazi gara” esan du. “Giza profil bikaina” edukitzea da, dioenez, arrakasta horren arrazoietako bat.

1.- Nola izan zenuen “Ezagutu Aukeratzeko” programaren berri?

Egaz Txorierriren bitartez. Izan ere, haiekin lan egiten dut zenbait arlotan, eta aukera eman zidaten hala “sektore-mahaietan” nola “enpresetako egonaldietan” parte hartzeko.

2.- Zer dela-eta eman zenuen izena programan?

Uste dudalako alde handiegia dagoela hezkuntza-munduaren eta enpresarenaren artean. Gainera, ikasleek euren etorkizun profesionala hautatu behar izaten dute, gazteegiak eta heldugabeak direla. Ez dakite gero zer etorriko den; aukera horrek gauza asko dakartza berekin. Alde horretatik, nire esperientzia erakuts badezaket mundu biak gerturatzeko eta kontuak zertxobait argitzeko, bada, oso pozik egongo naiz.

3.- Zer deritzozu programari?

Nik uste ondo egina dagoela. Garrantzitsua da batxilergoko lehenengo mailatik hastea lanbide-alternatibak azaltzen, benetako kasuak kontatzen, ikasketen ondoren zer datorren erakusten eta abar. Gero, “enpresetako egonaldien” kontu horrek ere badu garrantzia; izan ere, hor lehen eskutik erakusten da zein izan daitekeen baliozko lanbide bat.

4.- Zure ustez, programako ekintzetatik, zeinek dute arrakastarik handiena?

(BTEK jardunaldia – Zatoz eta kontatu zure esperientzia – Sektore-informazioko mahaia – Enpresetarako bisita – enpresetako egonaldia)

Nik uste ekintza guztiak direla beharrezko. Izan ere, “sektore-mahaietan” lehenengo zertzelada ematen dizute, orientatzen laguntzen dizute; “enpresetako egonaldiak”, berriz, oso garrantzitsuak dira lan-merkatura gerturatzeko.

5.- Enpresei gomendatuko al zenieke programan parte hartzea?

Bai, nik uste programa oso interesgarria eta beharrezkoa dela. Enpresok ikasleei azalduko bagenieke zer esan nahi duen enpresan lan egiteak, uste dut errazago erakarriko genituela sektore ezberdinetara.

6.- Orain gutxi egin dituzue 10 urte martxan; zein da balorazio orokorra?

Oso ona. Enpresa asko ez dira 10 urtera ailegatzen, eta gu alderdi guztietan aurrera asko eginda ailegatu gara. Hasieran enpresa oso txikia ginen (balio erantsi gutxi eskaintzen genuen), baina denbora honetan guztian esponentzialki hazi gara.

7.- Merezi du negozio propioari ekitea, ala hobe da besteren kontura lan egitea?

Nire kasuan, esan dezaket merezi izan duela. Gozatu egiten dut neure kontura lan egiten, sortzea atsegin dudalako. Negozio bat abian jartzea oso gogorra da hainbat aldetatik, baina ataka gainditzen badu, merezi du, dudarik gabe.

8.- Ezagutza teknikoez gain, zer nahi izaten duzue langileak kontratatzean?

Jarrera. Nire enpresan funtsezko filosofia daukagu: “irabaztea eta irabaztea”. Bezeroekin, lankideekin, kolaboratzaileekin, hornitzaileekin eta abarrekin lantzen dugu, eta hau da oinarria: harreman batean, alde guztiok irabazi behar dugu. Norbaitek galtzen badu, harremana hautsi egiten da. Beraz, talde baten parte izango den jendea harreman horren partaide izatea behar dugu.

9.- Webgunean diozu giza profil bikaina duen plantilla daukazula. Norbait kontratatzean, zenbaterainoko garrantzia ematen diezu bertute pertsonalei?

Baldintza ezinbestekoa da. Horrexegatik heldu gara honaino. Soilik teknikoki trebeak diren eta erakundera egokitutako bertute pertsonalik ez duten profesionalak kontratatuko bagenitu, epe laburrera begira ariko ginateke.

 

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


*

Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>