Lanerako. Iraia Zornoza-rentzako elkarrizketa, Prospekzioan eta Txertatze Laboralean Teknika

Lanerako. Iraia Zornoza-rentzako elkarrizketa, Prospekzioan eta Txertatze Laboralean Teknika

Iraia Zornoza Batiz, joan den urtetik, lana aztertzeko eta lan-munduan txertatzeko teknikaria da Lanerako programaren barruan. Hark berak dioenez, ilusioa pizten dio proiektu horretan diharduen erakunde bateko kide izateak; izan ere, proiektua pertsonei begirakoa da erabat, eta desgaitasuna duten pertsonak ohiko lan-merkatuan txertatzea du xede.

 Zertan datza Lanerako programa?

Lantegi Batuak erakundeak abiatu zuen Lanerako programa, duela 20 urte, desgaitasuna duten pertsonei eta gizarteratzeko zailtasunak dituztenei ohiko lan-merkatuan txertatzen laguntzeko, hala sektore publikoan nola pribatuan.

Koordinazioaren, Lan Azterketaren eta Prestakuntzaren arloek osaturiko lantalde bat aritzen gara Lanerako programan; horren bidez, baliabideak eta laguntza ematen ditugu hainbat fasetan, Laguntza bidezko Enpleguaren metodologian oinarrituta.

 Nola sortu zen programa hori egiteko ideia, eta zer helburu du?

Duela 20 bat urte sortu zen ideia: Lantegi Batuak erakundeak erabaki zuen desgaitasuna duten erabiltzaile guztiei lanean hasten laguntzeko arlo espezifiko bat sortzea eta Lan Txertaketa Osoaren Ibilbidea egiteko aukera ematea. Ibilbide horretan, lan-merkatu arruntera igarotzeko aukera hartu nahi zen kontuan, besteak beste.

Zein organismok parte hartzen eta laguntzen dute Lanerakon?

Lanerako diziplina askotako lanaren emaitza da. Lantalde propioarekin ez ezik, lankidetza estuan dihardugu Lantegi Batuak erakundeko beste arlo batzuekin ere: adibidez, Gizarte eta Lan Garapena arloarekin eta Orientabidea eta Hautaketa arloarekin.

Organismo hauek laguntzen dute gure programa finantzatzen: Eusko Jaurlaritzak (Lanbideren bidez), La Caixak (Incorpora Euskadi programaren bidez) eta Europako Gizarte Funtsak (Baliabideen Zentro Integralaren bidez). Bestalde, Mapfre Fundazioak ere laguntzen digu, “Juntos somos Capaces” programaren bidez.

Programa bukatzean, zein enpresatara jo dezakete pertsonek?

Programak helburu hauxe du: Lantegi Batuak erakundearen tailer eta zerbitzuetan (mekanizatuan, muntaketa elektriko eta elektronikoan, logistikan, garbiketan, lorezaintzan, marketinean…) jarduten duten pertsonek edozein enpresa arruntetan lan egin ahal izatea, eta ez soilik lanerako zentro berezietan. Pertsona horiek lanpostu asko bete ditzakete, eta, horrenbestez, enpresa askok eskain diezazkiekete lan-aukerak.

Azken batean, gizartean egon daitezkeen aurreiritziak gainditzean datza, eta pertsona horiek dituzten gaitasunak eta ahalmenak deskubritzean; izan ere, horiei esker, edozein enpresatan lan egin dezakete.

Pertsona horiek zer-nolako irudipena izan ohi dute programan parte hartu ostean?

Oso esperientzia positiboak izaten dituzte. Gainera, ezin dugu ahaztu lan-ibilbide bat eduki behar dutela, gizartean irauteko eta guztiz barneratzeko. Esperientzia horiei esker, garapen pertsonal eta profesional handiagoa lortzen dute, eta gehiago baloratzen dute beren burua nahiz beren ingurunea.

20 urte hauetan, Lanerakok kontratazio ugari egin ditu mota askotako enpresetan (tamainari, sektoreari eta halakoei dagokienez). Bizkaiko 160 enpresak baino gehiagok kontratatu dituzte desgaitasuna duten pertsonak gure programaren bidez, eta 240 pertsonarentzako 350 lan-kontratu egin dituzte; hala, pertsona horiek, gaur egun, lan-merkatu arruntean dabiltza lanean. Hona datu esanguratsu bat: gure programarekin laguntzen diegun pertsonen % 70ek baino gehiagok kontratu finkoa dute.

Eta, enpresei dagokienez, nola egin dezakete bat programarekin?

Programarekin bat egiteko, labur esanda, bi bide daude: Bizkaiko enpresak aztertzeko eta haien lan-aukerak detektatzeko egiten dugun lanean oinarritzen da bata; beste bidea, berriz, enpresak berak gure erreferentzia izatea eta guri deitzea da.

Alde horretatik, garrantzi handia du aurretik egiten dugun azterketak; aukera posibleak detektatzen ditugu, eta, gainera, enpresei aholkuak eta informazioa ematen dizkiegu desgaitasuna duten pertsonak kontratatzeak dakartzan diru-laguntzen eta hobarien inguruan.

Nabarmendu nahi dut enpresa askok, behin pertsona horiek kontratatu ondoren, berriro kontratatzen dituztela ahal dutenean. Bermeoko Salica enpresan, kasurako, desgaitasuna duten 6 pertsona ari dira lanean, eta denek daukate kontratu finkoa eta lanaldi osokoa. Nire ustez, esperientzia aberasgarri bezain atsegina da, hala pertsonarentzat berarentzat nola enpresarentzat, bai eta, noski, gizartearentzat edo ingurune sozialarentzat ere.

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


*

Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>