Jarrera, berritzeko nahia eta ikasteko gogoa prestakuntza bezain garrantzitsuak dira

Jarrera, berritzeko nahia eta ikasteko gogoa prestakuntza bezain garrantzitsuak dira

Prestakuntza egokia eta hori praktikan jartzeko gaitasuna izatea garrantzitsua da, baina jarrera baikorra, berritzeko nahia eta ikasteko gogoa ere aintzat hartu behar dira… Aste hauetan, Txorierriko hainbat enpresa Politeknika Txorierriko Batxilergoko 1. mailako ikasleei enpresa-mundua hurbiltzen ari zaie, sektore-mahai ezberdinetan, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Txorierriko Mankomunitatearen Gaztedi gazteen enpleguaren kalitatea hobetzeko programaren barnean.

Programaren helburua da hainbat sektoretako enpresa-errealitatea erakustea, unibertsitate aurreko ikasketak bukatzen ari diren ikasleek irizpide errealistak izan ditzaten euren ibilbide akademikoaren eta lan-etorkizunaren arloko erabakiak hartzeko unean.

Hala, joan den ostegunean, Begoña Aranzabe ZIV enpresako sistema-fabrikazioko zuzendaria Politeknika Txorierrira bertaratu zen; astelehen honetan, berriz, IDDTEK enpresako gerente eta fundatzaile Irene Rodríguez izan da bertan.

Biek ala biek lan-munduan sartu zirenean bizi izan zituzten esperientziei buruz hitz egin zuten. Aranzabe Telekomunikazioen Ingeniaritzan lizentziaduna da, eta bekadun gisa hasi zen ZIVen. Bere ibilbide profesionala elektrizitatearen sektorera bideratu zuen, eta hainbat sailetan aritu da lanean. Gogorarazi zuenez, bere gaitasuna eta ikasteko gogoa funtsezkoa izan dira beti. Bere aldetik, Rodríguezek Ingeniaritza karrera goi-mailako Lanbide Heziketako modulu batekin trukatu zuen, eta horri jarrera proaktiboa gehitu zion: hainbat enpresa bisitatu zituen, lan egiteko interesa agertu zien eta proiektuetan parte hartzeko eskatu zuen. Handik denbora batera, IDDTEK enpresa sortu zuen; egun, 47 langile ditu.

Euren kontakizunaren zatirik pertsonalena baliagarria izan zen Politeknika Txorierriko ikasleei lana aurkitzeko jarrerak eta beste gaitasun batzuek duten garrantzia ulertarazteko. Hala, Rodríguezek aitortu zuen lana bilatzen denean beti daudela “kanpoko faktoreak”, baina hautagai bakoitzak dituen barne-faktoreak direla, azken batean, garrantzitsuenak. Ildo beretik, Aranzabek azpimarratu zuen “ikasteko gogoa” funtsezkoa dela lanpostu bat lortu nahi dutenentzat. Horrez gain, enpresaren lan-esparruarekin bat datozen bokazioa eta prestakuntza ere behar dira. “Enpresa batek ezin ditu langile finkoak soilik izan; hala ere, pertsona bati prestakuntza ematen denbora inbertitzen baduzu eta pertsona horrekin gustura bazaude, pertsona horrek gelditzeko aukera handiak ditu”, azaldu zuen.

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


*

Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>