Ikasteko gogoa eta hobetzeko gaitasuna oinarrizko ezaugarriak dira enpresarako

Ikasteko gogoa eta hobetzeko gaitasuna oinarrizko ezaugarriak dira enpresarako

Javier Benito Komunikazio Digitalaren eta Idazketa Teknikoaren koordinatzailea da Ormazabaleko Global Marketing sailean. Ingeniari tekniko elektrikoa da, eta 15 urte daramatza enpresan. Ibilbide horretan, gazte talde asko ikusi ditu instalazioak bisitatzen, eta ederki ulertzen du enpresentzat zein garrantzitsua den belaunaldi berriekin harremanetan egotea.

Nola izan duzu “Ezagutu aukeratzeko” programaren berri?
Ormazabal zentrala Zamudioko teknologia-parkean dago, eta Egaz Txorierri zuzenean jarri zen harekin harremanetan, instalazioa bisitatzeko. Ormazabalekoek, ordea, Igorreko instalazioak bisitatzea gomendatu zieten, ikasleentzat interesgarriagoak izango zirelakoan.

Zerk bultzatu zintuzten programa honetan parte hartzera?
Ormazabalen beti saiatzen gara prestakuntza-zentroetara eta unibertsitateetara hurbiltzen, gure berri izan dezaten.Uste dut onuragarria dela bi aldeentzat; izan ere, ikasleentzat aukera ona da industria-enpresa batek nola funtzionatzen duen ikusteko, eta Ormazabalentzat, berriz, aukera ona da ikasle horiek etorkizunean lan-munduan sartzen direnean gure enpresa kontuan har dezaten eta aukera gisa izan gaitzaten.

Aurten bigarren aldia da “Ezagutu aukeratzeko” programan parte hartzen duzuena. Zein da zure balorazioa?
Egia esan, balorazioa oso positiboa da. Nire esperientzia pertsonala kontuan hartuta, zer ikasi aukeratu behar duzunean, oso gutxi dakizu eta ez duzu ia ezer ikusi. Hortaz, oso interesgarria da gaur egun ikasleek aukera hau izatea; izan ere, lagundu egiten die, agian, lan-kontzeptuaren edo lanbide jakin baten ideia idealizatu oker bat ez egiten. Gainera, enpresentzat ere lagungarria da, belaunaldi berriak nolakoak diren ikusteko.

Gomendatuko al zenieke beste profesional edo enpresa batzuei programaren hurrengo edizioetan parte hartzea?
Bai, noski. Enpresa batentzat oinarrizkoa da egunerokoarekin harremanetan egotea; izan ere, oso mundu aldakorra da hau, eta bezeroekin izaten diren harremanak ez dira garai batean ziren bezalakoak.

Zure ustez, nola laguntzen die ikasleei lan-mundura lehenengoz hurbiltze honek?
Nire ustez, enpresak gizatiartzeko modu bat da ikasleentzat, ez dezaten pentsa enpresa erakunde urrun bat denik. Horrez gain, haientzat aukera bat ere bada euren etorkizun profesionalerako erabakiak hartzean zenbait irizpide izan ditzaten.

Gaur egun, enpresen arloan, zer uste duzu dela garrantzitsuena langile berriak kontratatzeko?
Ikasketak, lan-esperientzia eta pertsonak berak dituen gaitasunak. Pertsonaren ezaugarriak ere oso garrantzitsuak dira, jakina; batez ere, egunero ikasteko eta gauza berriak egiteko gogoa. Horrez gain, lanpostuaren araberako esperientzia ere garrantzitsua da; bereziki, garapenari eta atal teknikoenei dagokienez. Hemen, Ormazabalen, adibidez, malgutasuna da balio garrantzitsuenetako bat; hots, momentu batean denetik egin ahal izatea, aldatu ahal izatea egoera batek hala eskatuz gero eta enpresak behar izanez gero. Azken batean, enpresa bezeroen beharren arabera egokitu ahal izatea eta erakundea horrekin batera mugitu ahal izatea.

Zure ustez, zein abantaila ditu enpresa batentzat lanpostu bat lortu nahi duten pertsonek bideo CV bat aurkezteak edo gaitasun-test bat egiteak, Egaz Txorierrin egiten den moduan?
Ikusten diodan abantaila da ez zarela paper bat ikusten ari, pertsona bera ikusten ari zara, eta lehen begirada batekin hainbat gauza ikus ditzakezu, paperak erakusten ez dizkizunak; esate baterako, pertsona batek komunikatzeko duen gaitasuna. CV batean dena ederki apaindu dezakezu, baina horrek ez du esan nahi atzean dagoen pertsona horrekin bat etorriko denik.

Hemen, Ormazabalen, nola hautatzen dira pertsonak?
Alde batetik, Euskal Herriko Unibertsitatean gela bat dugu, urtero zenbait beka ematen dituena. Beraz, hainbat pertsona sartu dira unibertsitate-enpresa elkarlan horren bitartez, eta gero zuzenean sartu dira sailetara. Beste alde batetik, beste lanpostu mota batzuetarako, enplegu-eskaintzak argitaratzen ditugu langileak hautatzeko webguneetan.

Normalean, sektorean esperientzia duen jendea kontratatzen duzue edo praktiketako jendea, hemen presta dadin?
Bi aukeren nahasketa bat. Erakundea sail jakin batzuetan sortzen diren unean uneko beharren arabera hazten da, besteak beste, praktika batzuen bidez hasten diren eta gero erakundean beren bilakaera duten pertsonen bitartez. Alabaina, beste lanpostu espezializatuago batzuetarako, esperientzia duen jendea bilatzen dugu.

 

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


*

Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>