Hogei pertsonak hartu dute parte Egaz Txorierriren ekintzailetza-ikastaroetan

Hogei pertsonak hartu dute parte Egaz Txorierriren ekintzailetza-ikastaroetan

Hogei pertsonak hartu dute parte EGAZ Txorierrik, Txorierriko Zerbitzuen Mankomunitatearen Enplegu eta Sustapen Ekonomikoko Zerbitzuak, maiatzaren 19tik 26ra bitartean antolatu dituen ikastaroetan. Horien helburua da parte-hartzaileen proiektuen bideragarritasuna aztertzea, aurrez aurreko tutoretzen bidez negozio-plan bat egitea eta aurrerago negozio hori kudeatu ahal izateko behar duten prestakuntza ematea (marketina, teknologia, administrazioa, kontabilitatea eta berrikuntza).

Prestakuntza-saio horien helburua da “sustatzaileei beren enpresa-ideiak bideratzeko behar duten informazioa, metodologia eta laguntza profesionala ematea”. Gainera, EGAZeko kideek adierazi dutenez, “beste enpresa-errealitate batzuk aztertzeak norberaren proiektuari aplikatzeko ideia eta ikuspegi berriak ematen ditu; gainera, networking-a oso erabilgarria da hutsetik hasteko”.

Programan zehar, “aholkularitza-lan orokorra egiten da parte-hartzaileekin: ideiaren analisia, gaitasunen eta ekintzailetzarako trebetasunen arloko prestakuntza, forma juridikoa aukeratzeko orientazioa, lehentasunezko finantzaketa lortzeko laguntza (finantza-erakundeekin akordioak eginez), eskuragarri dauden laguntza eta diru-laguntzei buruzko informazioa eta aholkularitza, enpresa-haztegi publikoetara sartzeko laguntza eta, azkenik, enpresa finkatzeko eta zabaltzeko laguntza”.

Ikastaroa 30 ordukoa da eta, Bizkaiko Foru Aldundiaren 2017ko otsailaren 28ko 15/2017 Foru Dekretuak zehazten duen moduan, nahitaezkoa da bertan zehaztuta datorren diru-laguntza jasotzeko.

40 enpresa-ekimen 2016an

Txorierriko Zerbitzuen Mankomunitatearen Enplegu eta Sustapen Ekonomikoko Zerbitzuak 40 enpresa-ekimen gauzatzen lagundu zuen 2016an; gaur arte, enpresa horiek 59 enplegu sorrarazi dituzte. Proiektu horietarako 1.394.380 inbertitu behar izan ziren, eta 953.350 euroko finantzaketa lortu zen, Eusko Jaurlaritzak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Europako Gizarte Funtsak enplegua sustatzeko asmoz emandako laguntza publikoei esker.

Geuk eginiko estatistiken arabera, hau da eskualdeko ekintzaileen profil nagusia: 35 eta 45 urte arteko gizonak, erdi- edo goi-mailako ikasketak dituztenak; horien atzetik daude 36 eta 45 urte arteko emakumeak, horiek ere erdi- edo goi-mailako ikasketadunak.

Egaz Txorierri-k helburu gisa du eskualdeko enplegua eta laneratzea sustatzea. Horretarako, hainbat ekimen gauzatzen ditu, hala nola, Hazilan eta Ezagutu aukeratzeko programak (lehenengoaren bidez, gaitasun pertsonal eta profesionalen garapena lantzen da; bigarrenak, berriz, enpresa-errealitatea gazteengana gerturatzea eta ikasketak aukeratzeko orientazioa ematea du xede). Egaz Txorierrik parte hartzen du, halaber, Eusko Jaurlaritzaren Global Training beketan eta Txorierriko udalek, laneratzea eta enplegagarritasuna sustatzeko asmoz, gauzatzen dituzten askotariko ekimenetan.

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


*

Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>