Hilaren amaierara arte, Txorierriko establezimenduek beren gastronomia-eskaintza erakutsiko dute Uribeko VI. Urri Gastronomikoan

Hilaren amaierara arte, Txorierriko establezimenduek beren gastronomia-eskaintza erakutsiko dute Uribeko VI. Urri Gastronomikoan

Beste behin ere, Txorierriko zenbait ostalaritza-establezimenduk bat egin dute ‘Uribeko Urri Gastronomikoa’ ekimeneko jarduerekin. Aurten seigarren aldiz egin da eta helburu du eskualdea ezagutaraztea, bertako sukaldaritzako berezitasunez gozaraziz. Ekimena hilaren 31n amaituko da, eta horren barnean askotariko ekintzak aurki ditzakegu: menu eta pintxo bereziak, bisitaldiak, dastaketak, tailer eta ekitaldi gastronomikoak, etab.

Besteak beste, establezimendu hauek hartzen dute parte kanpainan: Eleizpe (Loiu), Izarza (Sondika) eta Aspaldiko Jatetxea (Loiu) jatetxeak, eta Magalarte Zamudioko Txakolina eta Magalarte Lezama upeltegiak. Gainera, Urri Gastronomikoaren seigarren edizio honetan Uribe eskualdeko beste herri batzuetako establezimenduek ere hartu dute parte: Gorliz, Plentzia, Bakio, Mungia, Erandio, Maruri-Jatabe, Urduliz eta Gamiz-Fika.

Oraindik ere badago aukera zaporez beteriko esperientziez gozatzeko Txorierrin!

Txorierriko establezimenduek proposatutako planen artean daude upeltegietarako bisitaldi gidatuak, hala nola Magalarte Lezamako Txakolina upeltegiak eskainitakoa. Asteburuetan, ordu eta erdiz izugarri ondo pasatzeko aukera izango dute haur eta helduek Lezaman; gurasoek txakolina dastatu ahal izango dute eta haurrek poneyetan ibili, 10 euroren truke. Txorierri Garagardoak enpresak ere bisitaldia egiteko aukera eskainiko du; zehazki, ate irekien jardunaldia antolatu dute urriaren 26rako, 16:00etan. Bertan, garagardoa probatzeko aukera egongo da, zuzeneko musikarekin girotuta. Eta hurrengo egunean, urriaren 27an, Fresh Hops garagardo berria aurkeztuko dute, goizeko 11:00etan.

Magalarte Zamudioko Txakolinak ere bisitaldia egiteko aukera emango du; hain zuzen, mahastia bisitatzeko aukera egongo da asteburuetan, erabiltzen dituzten mahats mota desberdinei eta upeltegian bertan ardoa egiteko erabiltzen duten prozesuari buruzko azalpen eta guzti. Horrez gain, txakolinak eta inguruko produktuekin eginiko pintxoak probatzeko aukera egongo da.

Urriko ekimen honen barnean, bereziki garrantzitsuak dira jatetxeek berariaz prestatu dituzten menu bereziak. Esaterako,
Eleizpe jatetxeak (Urbal Loiu hotela) menu hau eskaintzen du: gosegarri gisa, ziazerba-krema ahate-urdaiazpikoarekin eta boilur-olioarekin; ondoren, boletus edulisen nahaski krematsua eta ardo beltzetan erregositako isatsa gaztaina-purearekin; eta, amaitzeko, sagar-tatina Idiazabal gaztaren izozkiarekin. Aspaldiko jatetxeak ere menu berezi bat prestatu du: hasierako hiru plater; gero, plater nagusi gisa, azpizuna txingarretan erreta piper erreekin eta patata gratinatuekin, eta legatza labean zigala-saltsarekin eta bieirarekin; eta, amaitzeko, postreen dastaketa. Hori guztia, txakolina eta ardo ondua gehituta, 45 euroren truke.

Urban Sondika hotelak, aldiz, astelehenetik ostiralerako menua eskaintzea erabaki du. Hau da: onddoz beteriko hostorea txakolin-kremarekin eta saiheski ontzutua patata erreekin. Horrez gain, gosegarri gisa, kuia-krema bakailao ketuaren zatiekin eta, azkenburu gisa, goxua. Bestetik, Izarza jatetxeak hilabete osoan eskainiko du menu berezia, baina 24 ordu lehenago erreserbatu behar da. Besteak beste, hauek jan daitezke menu horretan: txipiroiak plantxan tipularekin eta azalore-fideuarekin, entrekot-zatia Idiazabal gaztaren saltsarekin, eta karamelu-kremazko tututxoak txokolate beroarekin. Horrez gain, ardo aukera zabala sartzen da menuan.

Uribeko Urri Gastronomikoaren eskaintza osatzeko, zenbait azoka enogastronomiko antolatu dira. Esaterako, urriaren 14an azoka enologikoa egin zen Sondikan. Horrez gain, urriaren 20an eta 21ean azoka mikologikoa egin da Derion, eta urriaren 21ean nekazaritza-azokak izan dira Larrabetzun eta Lezaman.

Programazio osoa:

web_uribe_dentro

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


*

Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>