Guztira 18 pertsonak, 20 eta 44 urte bitartekoak eta goi-mailako titulazioak dituztenak, amaitu zuten aurreko astean Hazilan ekimenaren hamargarren edizioko prestakuntza, zeinak lanean beharrezkoak diren trebetasun pertsonal eta profesionalak indartzen lagundu baitzien, hala nola proaktibotasuna, talde-lana, iniziatiba, parte-hartzea, egoten jakitea eta, batez ere, jarrera.
Ikastaroak 80 orduko iraupena izan zuen, eta joan den urriaren 7an hasi zen. Europako Gizarte Funtsak eta EGAZ Txorierrik finantzatu dute (% 50), eta, motibazio-saioen eta coaching tekniken bidez, parte-hartzaileek ikusi ahal izan zuten beren trebetasun pertsonalak curriculum akademikoa bezain garrantzitsuak direla enpresentzat. Edizio honetarako izena eman dutenen artean honako profil hauek zeuden: Psikologian, Matematikan, Ingeniaritzan, Turismoan eta Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzan tituludunak.
Orain, beren prestakuntza akademikoari beste osagai bat gehitu diote: jarrera. Aitor Duran izan da hamargarren edizioan izena eman dutenetako bat, eta balorazio positiboa eman dio Hazilan esperientziari: “komunikatzeko gaitasuna eta konfiantza irabazten lagundu dit, baita lan-bizitzan lehen ez nuen ausardia hori ere”.
Aitor Duran goi-mailako teknikaria da fabrikazio mekanikoko diseinuan, eta nazioarteko esperientzia du proiektuen kudeaketan. Gaur egun, aukera bat ari da bilatzen lan-munduan. “Orain arte, ez dut denborarik izan nire karreraren orientazioaren inguruan hausnartzeko. Alde horretatik, ikastaroa baliagarria izan da, asko lagundu baitit”.
Balorazio positiboa egin du Eva Canok ere, zeinak administrazio-prestakuntza baitu. Bi urte baino gehiago damaratza langabezian, haurdunaldiaren osteko etenaldi baten ondorioz. “Berriro lanean hasi nahi nuen, eta Hazilan aukera ona iruditu zitzaidan. Ikastaroa gomendagarria da guztiz; barruan nuen onena atera ahal izan dut”. Orain, praktikak egiteko aukera duenez, ilusioz beteta dago lan-merkatura itzultzeko abagunea lortzeko.
Horrela, Hazilanek pertsona bakoitzari bere potentziala baliatzen eta teknika- eta ezagutza-sorta bat eskuratzen laguntzen dio, enpresei hobeto azaldu ahal izateko zergatik kontratatu beharko lituzketen euren lantaldeetarako.
Prestakuntza hori osatzeko, 200 praktika-ordu eskaintzen dira, talentua eta ikasitako guztia erakutsi ahal izateko; izan ere, ikastaroaren azken xedea lan-merkatuan sartzea da.
Iruzkin berriak