Grupo Uriarte Enclosures: “Aukerak agertzeko, ezinbestekoa da mugitzea”

Grupo Uriarte Enclosures: “Aukerak agertzeko, ezinbestekoa da mugitzea”

Grupo Uriarte Enclosures enpresaren historia duela 50 urte baino gehiago hasi zen, Bilboko La Peña auzoko trokelgintza-tailer txiki batean. Gaur egun, ETE honek material elektrikoa, gasa, ura eta telekomunikazioetarako kableak babesteko kutxa eta armairuak diseinatzen, ekoizten eta saltzen ditu. Iberdrola, Unión Fenosa eta Endesa dira enpresaren bezeroetako batzuk.

Lezaman dute bulego nagusia (bertan daude Uriarte Safybox eta Safynvest), eta fabrikak dituzte Polonian eta Portugalen ere. Guztira, enpresak 170 langile ditu, 67 herrialdetan lan egiten du eta 17 milioi euro fakturatzen ditu. Asier Uriarte da marketin eta merkataritzako zuzendaria. Asier familia-enpresa honen bigarren belaunaldikoa da, kudeaketaz arduratzen den anaia Anderrekin batera.

 Nola sortu zen Grupo Uriarte?

Otxandianoko Baltasar Uriartek sortu zuen. Baltasar Bilbora etorri zen lau seme-alabekin, eta La Peñan trokelgintza-tailer bat ireki zuen. Enpresaren industria-booma bidoietarako burdinazko estalkietatik etorri zen; izan ere, Estatu Batuetako enpresa batek baino ez zituen egiten. Geroago, patenteen arazo batzuk zirela medio, makina horiek fusibleak jartzeko burdinurtuzko kutxak egiteko erabiltzen hasi ziren; izan ere, garai hartan elektrizitatea txoko guztietara zabaltzen ari zen. Handik gutxira, kutxa horiek beira-zuntzezko material indartuz egiteko teknologia agertu zen, eta ikusi zen hortxe egon zitekeela produktu horren etorkizuna. Herdoildu egiten den eta elektrizitatea eroaten duen burdina erabili ordez, material termoplastikoa erabiltzen hasi ziren produktu elektriko baterako gune seguru bat sortzeko. Eta gaur arte…

Zer alde dago zuen eta beste enpresa batzuen artean?

Kustomizazioa eta malgutasuna. Hemen tratu askoz hurbilagoa eskaintzen dugu, eta pertsona batzuek, egiten duten produktua dela eta, horixe behar dute. Kutxak eta armairuak fabrikatzeaz gain, bezeroak nahi badu, barruko “tripak” ere muntatzen ditugu, hark emandako irizpideei jarraituz. Bolumen handian saltzeko gai gara, baina bost edo hamar unitate kustomizatu ere sal ditzakegu, eta bezero bakoitzaren marka laserrez grabatu. Gure komunikazioaren elementu garrantzitsua da.

Grupo Uriarte Enclosures- Egaz Txorierri

Zein da zuentzat merkaturik garrantzitsuena?

Europa. Gainera, nazioarteko merkatu gisa sailkatzeari utzi beharko genioke. Bertan saltzen dugu gehien; hala ere, Ozeanian, Hego Amerikan eta beste herrialde batzuetan ere saltzen ditugu gure produktuak. Asian gutxiago saltzen dugu, Txina oso lehiakorra delako; dena den, Txinaren lehiakortasuna ez da beste sektore batzuetan bezain bortitza. Indian, Thailandian eta Vietnamen ere lan egiten dugu, esaterako.

Zergatik jo nazioartera?

Enpresari gisa, beti jakin izan dugu kanpora ateratzea ezinbestekoa zela. Baina askotan erabaki hori ez da hausnarketa baten edo administrazio-batzordearen erabaki baten ondorio; munduan zehar mugitzen hasten zara, jendea ezagutzen duzu, batzuekin harremanak sendotzen dituzu eta aukerak agertzen dira; batzuk onartu egin ditugu eta beste batzuk ez. Hasieran PIE-PIPE aholkulari batekin (ICEXekoa) hasi ginen, eta gero ni sartu nintzen; izan ere, nazioarteko merkataritzako eta marketineko ikasketak ditut, eta hainbat hizkuntza dakizkit.

“Egazek lagundu egiten dizu aukerak hautematen eta kanalizatzen, bekak esaterako, eta horrek prozesua errazten du”.

Nola hasi zineten atzerrian saltzen?

Hasieran hainbat eta hainbat azokatara joan ginen, baina ikusi genuen oso mugimendu gutxi zegoela eta ez zutela bezeroak aurkitzeko aukerarik ematen; hori dela eta, misio komertzialei ekin ginen. Garai hartan, hilean hirutan joaten nintzen bidaian: 18 urtean 72 herrialdetan egon naiz. Gaur egun pentsa genezake bidaiatzea ez dela hain garrantzitsua, teknologia berrien bitartez informazioa eskuratu eta harremanak abia daitezkeelako; hala ere, azken urratsa bisita egitea da oraindik ere. Lehen negozio handia Albanian egin genuen proiektu bat izan zen: kontagailuak jartzeko kaxen eskari bat egin ziguten kolaboratzaile baten bitartez.

Zer herrialdetan dituzue fabrikak?

Polonian, bertako enpresa batek gure produktuak ekoizten hasi nahi zuen, eta gure banatzailearengana jo zuen. Hara joan ginen, feeling ona sortu zen eta joint-venture bat hasi genuen. 2005. urtetik, gu gara % 100aren jabeak.

Gero, Portugalen, azoka batean antzeko enpresa bateko kudeatzailea ezagutu genuen, eta guk ez geneukan produktu bat hari erosten hasi ginen. Oso ekoizpen-baliabide onak zituztela ikusi genuen, baina ez zieten garrantzi handirik ematen marketinari edo salmentei. Automatikoki sinergia ikusi genuen.

Horrez gain, merkataritza-harremanak ditugu Ekuatore Ginean eta Erresuma Batuan.

Grupo Uriarte, diseño y fabricación de envolventes

Nola definituko zenuke Egazekin duzuen harremana?

Egia esan, beste kontu batengatik hasi ginen Egazekin elkarlanean (Txorierrirako know-how proiektu batengatik, hain zuzen ere). Era horretako edozein ekimenek zabalik aurkituko ditu ateak. Gu geu eskertuta eta pozik gaude parte hartu ahal izateagatik. Agian ezin izango da gauza batzuen onura epe laburrean ikusi; hala ere, guk oso gustura egingo dugu. Aukerak hautematen eta kanalizatzen laguntzen dute, esaterako Global Training bekak –aurten bi kudeatu dituzte: bata Estatu Batuetarako eta bestea Kolonbiarako–, eta prozesua errazten dute. Sinbiosi-harremanak beti dira positiboak.

Zer eskaintzen du eskualde honek?

Atzerritik heltzen diren pertsonak aho zabalik gelditzen dira. Bilbon egotea eta Euskal Herriarekin lotura izatea abantaila handia da industriaren sektorean, jendeak ezagutu egiten baitu. Txorierriko errepidean datozela, Teknologia Parkea ikusten dute. Jende askok esan dit honek Suitzaren antza duela errepideen, azpiegituren, enpresen, industrialdeen eta abarren maila ona dela eta; dena ordenan dagoela esaten dute.

Esportazioen saileko leihotik, San Mames zaharreko arkua ikusten da; gaur egun Athleticek entrenatzeko erabiltzen dituen instalazioak daude bertan. “Lehen mailako talde bat izateak mapan jartzen zaitu, jendeak errazago ezagutzen zaitu” azaldu du Asier Uriartek. Txillidaren semeak margotutako hiru kutxak osaturiko edizio berezia erakutsi digu; alde handia dago, zalantzarik gabe, kutxa horien eta taldearen egoitzako sarrera apaintzen duten burdinurtuzko hiru kutxen artean. Hala ere, guztiek dute esentzia bera: enpresa-proiektu dinamikoa, bere bidea marraztuz doana eta begirada etorkizunean jarria duena.

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


*

Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>