Global Training bekak: etorkizunerako aukera ezin hobea

Global Training bekak: etorkizunerako aukera ezin hobea

Aberekin zentroarentzat ez da gauza berria bere enpresan gazteen aldeko apustua egitea. Izan ere, bigarren urtez jarraian, bat egin du Garapen Agentzien Euskal Elkarteak eta Donostiako Sustapenak Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin antolatutako Global Training bekekin. EGAZ Txorierrik (Txorierriko Zerbitzuen Mankomunitatearen Sustapen Ekonomikoko Zerbitzua) ere parte hartzen du Global Training beketan.

Beka horiek enplegu-plan baten barruan daude, eta gazte langabeak prestatzea, laneratzea eta lehiakorragoak izatea lortzea dute helburu; horretarako, praktikak egitea eskaintzen zaie gazteei, atzerrian kokatutako enpresa eta erakundeetan. Aurten, beketako bat Derion geratzen da. Ane Insua hautatu dute Aberekin zentroko teknikari komertzial gisa aritzeko eta sustapen genetikoari bultzada emateko, Kanadan, esnetarako behien sektorean mundu-mailako erreferentea den herrialdean.

 Global Training bekak, Egaz Txorierri

Gaitasuna eta jarrera ona erronka berriaren aurrean

Anerekin egon gara, Kanadara bidaiatzeko zorian dagoela. Ane Itzulpengintza eta Interpretazioan lizentziatua da Euskal Herriko Unibertsitatean, eta Nazioarteko Komunikazioko graduondokoa egin du. 24 urte ditu eta 5 hizkuntza menderatzen ditu: euskara, gaztelania, ingelesa, frantsesa eta galiziera, eta alemanez ere moldatzen da. Gainean duen desafioaren aurrean duen jarrerak erakusten du pertsona ausarta dela eta erronkak gustuko dituela.

Anek berak azaldu digun bezala, kasualitatez izan zuen Global Training beken berri, eta berehala ikusi zuen bere bizitza profesionala goitik behera aldatzeko aukera ezin hobea izan zitekeela. Izena eman zuen, baina beste eskaintza baterako, eta Donostiako Sustapenarekin elkarrizketa egin bezain laster, hizkuntzen proba egin ondoren, ikusi zuten ezin hobeto prestatuta zegoela Aberekin zentroaren eskaera betetzeko, Anek daukan prestakuntza komertzialagatik eta akademikoagatik.

Betidanik erakarri izan dute merkatuak eta nazioarteko harremanek edo marketinak; hala ere, nazioarteko komunikazioari buruzko graduondoko bat egin zuen. Orain arte etengabe lan egin badu ere, aldi baterako lanak baino ez ditu eduki. Global Training bekei esker, Aneren lehiakortasun profesionala hobetuko da, eta hainbeste erakartzen duen lan-sektore horretan sakontzeko aukera izango du.

 Global Training bekak, Egza Txorierri

Geroago, elkarrizketa egin zioten Egaz Txorierrin eta bere gaitasunengatik hautatu zuten. Aberekin zentroko Jordi Farrék eta Carlos Ugartek ere bat egin zuten erabaki horrekin. Ane hautatzean erabakigarria izan da, bere gaitasun profesionalez gain, ikasteko gogoa eta bere “konfort-eremutik” irteteko duen jarrera irekia. Kanadara, 10 hilabetez ezagutzen ez duen arlo batean lan egitera, joateko ideiak ez zion beldurrik ematen; aitzitik, pizgarria izan da berarentzat.

Kanadara joan aurreko hilabetean prestakuntza jaso du Anek, eta ganadutegiak bisitatu ditu Aberekineko komertzialekin. Hilabete hori probaldia izan da, bai Anerentzat, bai Aberekinentzat, eta biek pozik ekingo diote proiektuari. Jordik esaten duen moduan, “beka hauek laguntza handia dira gazteak etorkizunari begira prestatzeko; langile berriak behar dira eta gazteek ideia eta ikuspuntu desberdinak ekartzen dituzte, eta, gainera, oso ohituta daude teknologia berriak erabiltzera”.

Aneren kasuan, hizkuntzak jakiteak aukera eman dio Global Training beka eskuratzeko, baina hori ez da nahikoa, aurrerapausoa emateko ausardia behar da.

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


*

Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>