Global Training bekak: Amaia Goitia eta Aberekin (Filipinak)

Global Training bekak: Amaia Goitia eta Aberekin (Filipinak)

Eusko Jaurlaritzaren Global Training bekari esker, Amaia Goitia albaitari bilbotarra hamaika hilabete egon da Filipinetan. Betidanik nahi izan du atzerrian lan egin, eta ia urtebetez Aberekin enpresaren ordezkaria izan da Asiako herrialdean. Aberekinek behien intseminazio artifiziala komertzializatzen du.

“Ikertzen hasi nintzen eta eskaintzeko asko zeukan herrialde bat zela ikusi nuen” esan du joan aurreko uneei buruz. Bertan, behien ustiategiak bisitatzen zituen, eta Aberekinentzako merkatua irekitzen zuen. Enpresak tokiko banatzaile bat zeukan, eta hark Amaiari laguntza logistikoa eta orientazioa eskaintzen zizkion.

Eusko Jaurlaritzak urtero ematen ditu Global Training bekak. Beka hauek 30 urtetik beherako gazteei zuzentzen zaizkie eta haien helburua da nazioarteko enpresa-formazioa ematea. Hasiera batean sei hilabeteko epea izaten dute eta, ondoren, beste sei hilabetez luzatu daiteke, enpresaren eta bekadunaren arabera.

Aberekin enpresa 1985ean sortu zen, eta behien intseminazio artifizialerako zerbitzuak saltzen ditu berrogeita hamar herrialdeetan. Bulego nagusiak Zamudioko Teknologia Parkean daude, eta bi ekoizpen-unitate ditu: bat Derion eta bestea Torrelavegan (Santander).

Filipinetan merkatua zabaltzea

Albaitariaren zeregina zen banatzaileari eta balizko bezeroei irakastea nitrogeno likidozko tankea nola erabili (bertan gordetzen da zezenaren hazia), bai eta behia intseminatzeko denborarik eta modurik egokienak zein diren ere. “Ez zen lan erraza” gogoratzen du Amaiak; baina ahaleginarekin eta jarrera egokiarekin emaitza positiboak lortu genituen.

Behia garrantzia txikiko segmentua da Filipinetako abeltzaintzan; izan ere, abeltzaintza, nagusiki, txerriei zuzenduta dago eta abelgorriak zaintzeari buruzko ezagutza murritza dute, ustiategi txikietan behintzat, dio adituak.

amaiagoitia

Bere lanarekin artxipelago filipinarraren zati bat ezagutu du, baina bere basea Manilan zeukan. Esperientzia horren bitartez, bere albaitaritza ezagutzak praktikan jartzeaz gain, merkataritza-sena ere garatu ahal izan du eta negozioen munduan murgiltzeko aukera eduki du.

Hartutako erabaki egokienetako bat izan zen balizko bezeroen merkatua zabaltzea, eta baserri txiki eta ertainak (20 eta 100 behi artean dituztenak) ere merkataritza-helburu gisa hartzea.

Harremanetarako gaitasuna indartzea

Hasiera batean “nahi nuen arren, beldur nintzen” aitortu du. Kanpoan egondako hamaika hilabeteek beldur hori kendu diote; horren ordez, harremanetarako gaitasunak eta ingelesez hitz egiteko jarioa garatu dituela uste du.

Halaber, herrialdearen “harrera ona” eskertzen du. Herrialdean abizen euskaldun asko daude, eta Euskadi bera ezaguna zen adinekoen artean; are gehiago, batzuek euskal arbasoak zituzten.

Aberekinen aldetik, laguntza izugarria jaso duela dio, eta azaldu du sareko harremanari esker zalantzak argitzea posible izan zela. Amaiaren egonaldiaren amaieran, beste banatzaile bat aurkitu zuen, handiagoa eta behietan adituak diren langileak dituena. Une hauetan, eta oraindik hurrengo pausoa zein izango den jakin gabe, albaitariak eta Filipinetako bezeroek harremanetan jarraitzen dute.

Negozioak egiterakoan zailena burokrazia izan zela dio; izapide ofizial asko egin behar izan zituen, eta denbora asko behar izaten zen horretarako. Halaber, lan egiteko baldintzak aldatu egiten ziren Filipinetako eskualde batetik bestera; hortaz, ahalegin izugarriak egin behar izan zituen.

Arlo pertsonalean, herrialdearen edertasuna eta bertako jendearen adeitasuna dira gordetzen dituen oroitzaipenik onenak. Aldiz, biztanleen arteko berdintasun ezak izugarri harritu zuen.

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


*

Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>