“Bestelakoak izan nahi dugu, I+G+b-ren bidez”

“Bestelakoak izan nahi dugu, I+G+b-ren bidez”

FANOXek, berrikuntzaren aldeko apustu irmoarekin, Zamudioko Teknologia Parkean lan egiten du, mundu osoko erreferentzia bilakatzeko asmoz. Euskal enpresa honek babes- eta kontrol-ekipoak diseinatu eta fabrikatzen ditu behe- eta goi-tentsioko elektrizitatearen sektorerako, eta espezialista da errele autoelikatuetan, hots, nazioartean gero eta gehiago eskatzen duten produktuan.

 Lau milioi euro fakturatzen ditu, eta zuzenean 28 enplegu eta zeharka ehunka sortu. Hango gerente eta merkataritza-zuzendari Daniel Herrerok zehatz azaldu digu I+G+b-ren arloak eta nazioartean hedatzeak zer-nolako balioa ematen dioten beren estrategiari.

 Zein bezero dituzue?

Hiru bezero motarentzat lan egiten dugu. Lehenik eta behin, argindar-konpainientzat: Iberdrola, Endesa eta nazioarteko beste batzuk, kasurako. Produktu-integratzaileentzat ere badihardugu, gelaxka elektrikoen edo azpiestazioen fabrikatzaileentzat adibidez: Ormazabal (Velatia) eta MESA. Azkenik, nazioarteko merkatuko agenteentzat eta banatzaileentzat ere jarduten dugu.

Zein da lehiatzeko duzuen estrategia nagusia?

 I+G+b-rekin loturiko bereizgarria. Zenbat eta produktu soilagoa eduki, orduan eta lehiakide asiar merke gehiago izango dituzu. Guk fakturazioaren % 10 inbertitzen dugu I+G+b-ren alorrean, eta horrek izugarrizko balio erantsia ematen digu: estatuan, ez dago errele autoelikatuak egiten dituen beste inor. Guk Alemanian eta Indian dugu konpetentzia, eta gure xedea nazioartean erreferente izatea da.

Daniel Herrero, Fanox

 Zuen produktuak zer abantaila ematen ditu lehiatzeko?

I+G+b saila sortu zenean, 2001ean, teknologia autoelikatuaren alde egin genuen. Bateriek karga galtzen dute denbora-tarte jakin bakoitzetik behin; horregatik, aldian-aldian mantentze-lanak egin behar zaizkie, baina horrek lana ematen du. Guk sortu dugun erreleak ez du bateriarik behar: sare elektrikotik bertatik elikatzen da.

 Zein herrialdetan jarduten duzue?

Gure fakturazioaren % 60 nazioarteko merkatutik dator. Berez 50 herrialdetan baino gehiagotan gaude, baina hamabostean dugu merkatu nahiko handia. Filial bat daukagu Polonian, eta banatzaileak Turkian eta Iranen. Oraintxe bertan, Ekialde Hurbilean dugu merkatu-hobi handiena: Saudi Arabian, Arabiar Emirerri Batuetan, Bahreinen, Omanen… Garrantzitsuena ez da herrialde kopuru handia izatea, baizik eta fakturazio handia izatea, gure marka ezagun egin dadin.

Zer erronka jarri dizkiozue zeuen buruari?

Produktu sorta berri bat ateratzea goi-tentsioko argindarra banatzeko. Egurra eman diogu I+G+b-ri, eta langile taldea % 20 areagotu da horrexegatik. Ea negozio-hobi berriak irekitzen dizkigun (goi-tentsioaren alorra edo gasaren eta petrolioaren merkatua, esaterako), eta ea nazioartean zabaltzen laguntzen digun.

Fanox

 Zer-nolako harremana duzue Egazekin?

Esperientzia positiboa da. Hasieran ez genekien nola lan egin elkarrekin, baina segituan ikusi genuen haien lan-poltsa balia genezakeela jendea kontratatzeko. Interesgarria litzateke, halaber, Egazen bidez Eusko Jaurlaritzaren Global Training bekak aztertzea, atzerrian ibilitako jendea hartu nahi baitugu. Profil teknikoa duen jendea behar dugu, ingelesa dakiena, merkatua ezagutzen duena eta kanpora joateko gogoz dagoena. Normalean halako jende gutxi egon ohi da, eta, beraz, ahal dugun iturri guztietara jotzen dugu horien bila.

2010ean hasi zineten Zamudioko Teknologia Parkean lanean. Zer ekarri dizue horrek?

Parkean egote hutsak prestigioa ematen dizu. Gainera, bezero atzerritarrak erakartzeko ere balio du; izan ere, zurekin topo egin dezake herriko beste enpresa batzuk bisitatzera etorri den norbaitek. Horrez gain, etorkizunera begirako apustua da: gure instalazioek 5.000 metro koadro dituzte, eta orain ez ditugu bete-betean erabiltzen, baina joango gara erabiltzen, hazi ahala. Bestalde, askotan probatu behar izaten ditugu produktuak, merkaturatu aurretik, eta Tecnalia daukagu gugandik 200 metrora. Horrek asko errazten digu lana.

Teknologia-parkean, gainera, networkinga lantzen da. Herrerok atea zabalik utzi die eskualdeko enpresekin batera egin daitezkeen I+G+b proiektuei. Uste osoa du datozen urteotan enpresako langile talde zuzena areagotu egingo dela ikerkuntza garatuz doan heinean. Dioenez, faktore biak berez daude elkarrekin lotuta; eta horiekin, jakina, negozioaren hazkuntza.

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


*

Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>