“Ezagutu aukeratzeko” programak Derioko BHIn eman dio hasiera 2016. urteari

“Ezagutu aukeratzeko” programak Derioko BHIn eman dio hasiera 2016. urteari

“Ezagutu Aukeratzeko-Conocer para elegir” programak, 2016ko ikasturteari hasiera emateko, ikasketetako eta laneko orientazioari buruzko prestakuntza-hitzaldi bat eman zuen Derioko Bigarren Hezkuntzako Institutuan. Helburua hauxe izan da: ikasleei etorkizun akademikoa aukeratzen laguntzea, profesionalek lan-merkatuan zer-nolako esperientziak dituzten kontatuta.

“Ez itxi aterik, ez dakizue-eta nora helduko zareten. Nik medikua izan nahi nuen, eta azkenean ingeniari bihurtu nintzen” esan zuen Aitor Mugicak lehenbizi. Haren enpresak informatika-garapenerako zerbitzuak ematen ditu. Inoiz ez zuen uste izan bere kabuz lan egingo zuenik.

Antzeko ibilbidea egin zuen Irene Rodríguezek: hark ingeniaritza-enpresa propioa du, eta 29 langile ditu bere ardurapean. Ingeniaritzako karrera bukatu beharrean, goi-mailako modulu bat egitea eta bere proiektuari ekitea erabaki zuen. “Unibertsitatean zer ikasi erabakitzea garrantzitsua da, baina erabaki hori ez da behin betikoa” adierazi zuen. Gomendio hau eman zuen: “gaitasuna ez ezik, jarrera ere landu behar da”.

Karrera bat bukatzean hainbat eta hainbat ibilbide agertzen dira

Txorierriko Mankomunitateko Gizarte Zerbitzuen teknikari Janire Akasusoren kasua bestelakoa izan zen: sektore pribatua hautatu beharrean, publikoan egin zuen lekua azkenean, lau oposizioren bidez. “Oso gogorra da: etxetik ez zara irteten eta ez daukazu lanik, baina zure helburua lortzeak egindako ahalegina konpentsatzen du” esan zuen. Orain doktoretza batekin hasi da, geroago unibertsitatean eskolak eman ahal izateko.

Ezagutu aukeratzeko abre 2016 en IES Derio

Azkenik, Amaia Goitia albaitariak bere esperientziari buruz hitz egin zuen. Euskaditik kanpo ikasi zuen karrera – unibertsitate-eskaintza zela eta–, eta gero, Eusko Jaurlaritzaren Global Training beka jaso zuenez, hamaika hilabete eman zituen Filipinetan lan egiten. “Horrek lagundu egiten dizu irekiagoa izaten, jende berria ezagutzen, hizkuntzak hobetzen…” esan zuen. “Karreran irakasten dutenak ez du zerikusirik gero datorrenarekin. Karrera bat bukatzean hainbat eta hainbat ibilbide agertzen dira” azaldu zuen.

“Ezagutu Aukeratzeko-Conocer para elegir” programa 2009an sortu zen, Txorierriko Mankomunitatearen –hango Gazteria Zerbitzuak finantzatzen du– bidez, eskualdeko herritarren prestakuntza sustatzeko. DBHko bigarren zikloko eta batxilergoko lehen eta bigarren mailako ikasleentzako programa da; prestakuntza-hitzaldiak eman eta enpresetara bisitak egiten dira.

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


*

Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>