‘Ereiten Zamudio’ prestakuntza-programaren beste edizio bat jarriko dute abian, udalerriko langabeak enpresen beharrekin lotzeko

‘Ereiten Zamudio’ prestakuntza-programaren beste edizio bat jarriko dute abian, udalerriko langabeak enpresen beharrekin lotzeko

Datorren maiatzaren 23an jarriko da martxan ‘Ereiten Zamudio’ prestakuntza-programaren edizio berria. Zamudioko Udalak sortu du programa, Egaz Txorierri Mankomunitateko enplegu-zerbitzuarekin eta IE Team-ekin lankidetzan, eta FPK enpresaren (Batz taldea) laguntzarekin. Programaren helburua da pertsonen gaitasuna eta balioak “aktibatzea”, enpresek dituzten beharrekin lotzeko, enplegua lor dezaten.

Hala, programak prestakuntza emango die herriko langabeei, enpresetan gehien eskatzen dituzten gaitasun sozialak, trebetasun profesionalak, balioak eta jarrera pertsonalak gara ditzaten; horrek enplegua aktiboki bilatzeko erraztasunak emango dizkie.

“Denok daukagu balioa”, nabarmendu du programaren arduradun Susana Vidal Hornesek. Horrez gain, adierazi du honelako ekintzak oso baliagarriak direla alderdi horiek aktibatzeko eta jendeak ulertzeko “lan bila atera behar dela”. “Konponbidea ez da etxean zain geratzea, telefonoak noiz joko; lekuetara joan behar da eta barruan dugun potentziala atera. Hutsune bat dugula ikusi behar dugu, denok baitugu ahalmena eta potentziala”, azpimarratu du.

Helburu horrekin eta enpresen benetako beharrei erreparatuz sortu zen ‘Ereiten Zamudio’, gaitasunak garatzeko eta enplegua bilatzeko gaitzeko programa bat, azken xede gisa Zamudioko enplegagarritasuna hobetzea duena.

Hainbat saioren bidez, enpresek asko baloratzen dituzten zenbait gaitasun indartuko dira programan, hala nola erabakiak hartzeko ahalmena, gatazkak konpontzekoa, sormena, denboraren kudeaketa eta lehentasunak ezartzeko ahalmena. Horrez gain, beste zenbait gaitasun eta trebetasun ere landuko dira: besteak beste, enpatia, lidergoa, entzute aktiboa, komunikatzeko gaitasuna eta talde-lana. Eta hainbat jarrera garrantzitsu ere indartuko dira: jarrera egokia, estresaren kontrola, lasaitasuna…

Izena-emateko, helbide honetara jo behar da.

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


*

Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>