Enplegua lortzeko, nazioartekotzeko eta ekiteko gakoak EGAZek antolatutako 3. Enplegu eta Ekintzailetza Jardunaldian

Enplegua lortzeko, nazioartekotzeko eta ekiteko gakoak EGAZek antolatutako 3. Enplegu eta Ekintzailetza Jardunaldian

Julenek orain dela hiru urte amaitu zuen Telekomunikazio eta Informatika Sistemetako goi-mailako gradua Derioko Politeknika Ikastegia Txorierrin, eta ordutik lan bila dabil. Bilaketa “pasiboa” egiten du, baina aurreko asteazkenera arte (ekainak 12) ez zuen merkatua behar bezala arakatzen lana bilatzeko. Hain zuzen, egun horretan, EGAZ Txorierrik antolatutako 3. Enplegu eta Gazteria Jardunaldian hartu zuen parte. Jardunaldia Udal Gaztedi planaren barruan gauzatu zen, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Mankomunitatearen artean finantzatuta.

Julenez gain, 18 eta 30 urte arteko dozena bat pertsona baino gehiagok hartu zuten parte jardunaldian, zeinak enplegagarritasunaren eta gazteriaren arloko adituak izan baitzituen protagonista. Horrez gain, zenbait ekintzailek beren esperientziak kontatu zituzten. Gainerako parte-hartzaileak askotarikoak ziren: ingeniaritzan graduatutako pertsonak, profil desberdinetakoak; graduko ikasleak; etorkizunean nazioartekotzeko interesa duten pertsonak; etab.

Bizkaiko Foru Aldundiaren Gaztedi Planaren Txorierriko koordinatzaile Isabel Pintorrek eman zion hasiera jardunaldiari. Bere hitzaldian, “enplegua aurkitzeko eguneratuta egoteko” gakoak eman zituen; esaterako, profil eta curriculum eguneratua izatea enplegua bilatzeko zerbitzuetan (adibidez, EGAZen lan-poltsan edo Eusko Jaurlaritzak Gazte Aukeraren edo Gazteentzako Berme Sistemaren bidez emandako zerbitzuetan), eta helburuak planifikatzea eta horiek betetzeko etengabe lan egitea. “Argi izan behar dugu zer egin nahi dugun etorkizunean, eta bereizten jakin behar dugu zer den jarrera pasiboa eta zer proaktiboa enplegua bilatzeko orduan”, esan zuen Pintorrek. “Gakoa da pertsona aktiboak izatea”.

Horrez gain, enpresek hautagaiak bilatzeko eta lanpostu hutsak betetzeko garaian eskatzen dituzten gaitasunak ere aipatu zituen: pentsamendu kritikoa, adimen soziala, egokitzeko gaitasuna, kultura, big dataren ezagutzak, zeharkako diziplinak eta sormena. Horixe azpimarratu nahi izan zuen EGAZ Txorierriko enpleguko teknikari Susana Vidalek ere. Horretarako, taldeko dinamika bat egin zuen, lanpostuetarako hautagaiek erakutsi behar duten egokitzeko gaitasunak, malgutasunak eta gogoak zer-nolako garrantzia duten adierazteko. “Kontratatzen gaituztenean, nolakoak garen hartzen dute kontuan, ez zer dakigun”, adierazi zuen. Bestetik, azaldu zuen EGAZek zenbait proiektu dituela gaitasun horiek garatzeko, hala nola HAZILAN proiektua. Aurten bi ikastaro egin dira proiektu horren barruan, eta helburutzat du parte-hartzaileei beren potentzial guztia aprobetxatzen laguntzea eta teknika eta ezagutza jakin batzuk ematea, enpresei hobeto transmititzeko zergatik kontratu beharko lituzketen.

Nazioartekotzea presente egon zen jardunaldi osoan

Jardunaldian jorratutako bigarren gaia nazioartekotzeko modu desberdinei buruzkoa izan zen. Nazioartekotzea gero eta gehiago baloratzen da, hala profesionalki nola pertsonalki hobetzeko aukera ematen duelako, eta Txorierriko gazteek aukera dute horretarako. Bizkaiko Foru Aldundiaren Saregileak programako Iñigo Umaranek hitz egin zuen gai honi buruz. Saregileak plataforma sortu zen gazte batzuek erakundeek egiten duten lanaren berri emateko beste gazte batzuei. Hori horrela, Iñigok, EGAZek ematen dituen bekez gain, erabilgarri dituzten beste beka batzuei buruzko informazioa eman zien bertaratu ziren interesdunei: Erasmus, Erasmus+, Global Training bekak, Beint bekak, AIC Innovational Approach bekak, Eures, etab.

Hizlariek azpimarratu zuten zenbait kontu hartu behar direla aintzat nazioartekotze-prozesuari ekin aurretik: helmugako osasun-estaldura, gidabaimenaren baliozkotasuna, herrialdeko lan-baldintzak, curriculumaren egokitzapena eta, batez ere, hizkuntzak ondo ezagutzearen garrantzia.

Nazioartekotze –eta ekintzailetza– arrakastatsu baten adibide praktiko gisa, Haize Trueba izan genuen gurekin, belaunaldien artean harremanak sortzea xede duen Kuvu ostatu partekaturako plataformaren sortzaileetako bat. Finlandian, Estatu Batuetan, Txinan eta Indian zenbait esperientzia izan ondoren, Truebak proiektu horri ekitea erabaki zuen Lidergo Ekintzailea eta Berrikuntza graduko bere ikaskideekin batera. Izan ere, esperientzia horien bidez jakin zuen adineko pertsonekin lan egin nahi zuela, horien bizi-kalitatea hobetzeko. Hori horrela, adinekoen arazoak aztertzeari ekin zion, eta ikusi zuen arazo kaltegarrienetako bat nahi gabeko bakardadea zela. Orain, jatorrizko ideia izan zutenetik bi urte igaro diren honetan, appak Global Student Entrepreneur Awards 2019 saria jaso du.

Hori lortu arte, Truebak eta bere lankideek zenbait erakunderen eta EGAZen finantzaketa eta laguntza erabili behar izan zuten; izan ere, ekintzailetzako teknikari Iñigo Mazok azaldu zuen moduan, erakunde horiek laguntza eman dezakete forma juridikoa definitzeko, bideragarritasun ekonomikoa aztertzeko edo merkatua behatzeko. Mazok Bizkaiko Foru Aldundiak eta Lanbidek ekintzaileei ematen dizkien laguntzak aipatu zituen: Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzak 5.000 euro ingurukoak dira, eta Lanbidek 1.000 euroko laguntzak ditu negozio-ideia bat aurkezteko, eta 1.500 eurokoak ideia martxan jartzeko. “Azken batean, Ekintzailetza arloak laguntza ematen du pertsona baten ideia negozio-proiektu bihurtzeko”, esan zuen.

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


*

Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>