“Egokitu egin beharra dago, bizitzak ez baitu itxaroten”

“Egokitu egin beharra dago, bizitzak ez baitu itxaroten”

2009an, krisiak mundu osoa gogor jo zuen, eta, era berean, zenbait pertsona hutsetik proiektu berriak sortzera bultzatu zituen. Hala sortu zen Idertia: enpresa honek hiru langilerekin hasi zuen ibilbidea, 2010ean, eta, zortzi urte geroago, hogeita hamar bat langile ditu. Egunerokoan, automozio sektorearentzako piezak fabrikatzeko beharrezko tresneria egiten dute; bestalde, plastikozko pieza horiek injektatzen dituzte, eta horrek «prozesu osoa» egiten duen enpresa bihurtzen ditu, bai piezak industrializatzeko beharrezko makinak diseinatzea eta fabrikatzea, bai hori egiaztatzeko tresneria egitea, bai eta produkzio industriala bera ere.

Joan den ikasturtean, hori guztia azaldu zieten ‘Ezagutu Aukeratzeko’ programaren egonaldietako batean enpresa bisitatu zuten bi ikasleri. EGAZ Txorierrik kudeatzen du programa hori, eta “Gaztedi Bizkaia”-ren ekimenetako bat da, gazteentzako politika integral bat garatzekoa, Txorierriko Mankomunitateko Gazteria Zerbitzuak, Erandioko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak bultzatzen dutena.

Begoña Manso Idertako Giza Baliabideen arduradunak azaldu du esperientzia aberasgarria dela gazteentzat, baina enpresei ere laguntzen diela lan-munduan hastea nolakoa den ez ahazteko.

Zer interesatu ohi zaie egonaldietara doazenei?
Ikasgelan ikasten ari direnarekin lotutako proiektuak erakusten dizkiegu, eta esperientzia profesionalak azaltzen dizkiegu, ikus dezaten zer egin dezaketen enpresa batean etorkizunean.

Eta profil profesionalen inguruan?
Enpresan ditugun profilen gainean hitz egiten diegu. Baita haientzat batzuetan nahiko ilunak diren horietaz ere. Enpresetako lanbide batzuetarako, adibidez logistika edo kalitatea, ez dago karrera edo gradu espezifiko bat –ez erdi-mailakoa ez goi-mailakoa-. Eta, dena dela, lanpostu guztiz baliozkoak dira, eta berdin-berdin izan dezakete interesa haien gainean.

Gazte hauek profil profesional desberdinak ezagutzeko aukera dute, baina enpresan, elkarrizketak egiteko orduan, zer bilatzen eta baloratzen duzue?
Postuaren arabera, harekin bat datorren prestakuntzaz gain, elkarrizketatuaren jarrera eta motibazioa beti da garrantzitsua. Programa hauek oso onak dira gazteek ikus dezaten, denboraz, zertan prestatu behar duten eta zer ikasi behar duten merkatuko lanetan aritzeko.

Enpresa-munduaz esan dezakezuenaz gain, Idertiaren historia ere interesgarria da. Nola hasi zineten, eta nolakoa izan da eboluzioa?
Ekitea beti da polita, baina baita nekeza ere. Oso arin aurreratu dugu, eta pozik gaude egindako ibilbidearekin. Baina gogorra da: lan handia egin beharra dago… Lanerako tartea asko doitu da, produktuen prezioak, oro har, doitu egin direlako, eta lehen baino askoz gehiago egin behar da lan, eta gutxiago irabazi.

Bezeroak ingurukoak dira edo badago nazioartekorik?
Ingurukoak dira, baina, aldi berean, nazioarteko egoitzak dituzte, eta guk nazio mailako eta nazioarteko egoitzak hornitzen ditugu.

Ez zaio inoiz uzten estudiatzeari eta ikasteari?
Inguruan adibideak ditugu. Ikusi dugu Kodak, enpresa oso handi bat, erori egin dela argazkilaritza digitalaren aldaketarekin; orain Interneten bidezko erosketen aldaketak ari gara ikusten, hori ere apurka hasi zen… eta aldaketa gehiago izango dira. Egokitu egin beharra dago. Ezin duzu bertan goxo egin, bizitzak ez baitu itxaroten.

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


*

Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>