(Argazkia: “Balioetan heztea. Zure ibilbidea enplegurantz” ikastaroa)
Egaz Txorierrik Txorierri haraneko sei udalerrietako enpleguaren eta enpresa-dinamizazioaren zerbitzuak, estatistika propioen arabera, guztira 462 pertsona bideratu zituen Bizkaiko lan-merkatura 2015ean, hautaketa-prozesuetan bitartekari arituz.
2015eko urtarriletik abendura, Bizkai osoko enpresek 1.410 lanpostu betetzeko eskaerak egin zizkioten erakunde publikoari. Kopuru hori errekorra izan da, eta krisialdiaren aurreko maila ere gainditu egin du: 2007an, kasurako, 1.366 eskaera jaso zituen.
Bizkai osoko 25.000 profil profesionalen poltsa batekin, Egaz Txorierrik hautaketa-zerbitzuak ematen dizkie lurralde historiko osoko enpresei. Txorierri haranean dihardu, hau da, Loiu, Sondika, Derio, Zamudio, Lezama eta Larrabetzu udalerrietan. Eskualde horretan % 9,56ko langabezia-tasa dago, eta, beraz, Euskadin eta estatuan langabe gutxien duten eremuetako bat da.
Txorierri haranak estatu osoko langabezia-tasarik txikienetakoa du: % 9,56
Guztira, 284 enpresak jo zuten Egaz Txorierrira beren hautaketa-prozesuetarako jende bila. Haranaren enpresa-sarea hainbat tamainatako 2.300 konpainia inguruk osatzen dute, eta horietako batzuek Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkean dute egoitza.
“Kokapen geografiko pribilegiatua daukagu, azpiegitura handietatik gertu gaudelako; adibidez, Loiuko aireportutik eta Bilboko Portutik gertu”, azpimarratu zuen Egaz Txorierriko gerente Alex Loustaunauk. Haren esanetan, beste abantailetako bat “erabakitzeko ahalmenetik gertu” egotea da: “Zenbait enpresak hainbat herrialdetan dituzte ekoizpen-instalazioak edo ordezkaritzak, baina hemen dute egoitza nagusia”.
Autoenplegua
2015ean, Egaz Txorierriren autoenplegu-zerbitzuak 61 enpresa-egitasmo sustatu zituen; horietatik 36k aurrera egin zuten, eta denera 47 lanpostu sortu. Proiektuok guztira 1,48 milioi euroko inbertsioa ekarri zuten.
Autoenplegu Sailak negozio-plan bat osatzeko doako aholkularitza eskaintzen du, eta enpresa-kudeaketaren arloan trebatzeko oinarrizko ikastaroak ematen ditu, beharrezkoak Bizkaiko Foru Aldundiaren ekintzailetzarako laguntzak lortzeko.
Egaz Txorierriren autoenplegu-zerbitzuak 61 enpresa-egitasmo sustatu zituen; horietatik 36k aurrera egin zuten
Hauexek dira helburu nagusiak: Txorierri harana susta dezaketen pertsonak bideratzea eta eskualdean enpresa-proiektu berriak ezartzen laguntzea. Enpresa-hazitegi bat dago horretarako, Larragoiti jauregian.
Laguntza publikoak
Egaz Txorierrik, 2015ean, pertsonei zein enpresei enplegua sustatzeko diru-laguntza publikoak lortzen lagundu zien, denera 405.700 eurokoak, besteak beste Eusko Jaurlaritzarenak, Bizkaiko Foru Aldundiarenak eta Europako Gizarte Funtsarenak. Alde horretatik, hainbat programa abiatu dituzte: Global Training nazioarteko bekak, Eusko Jaurlaritzaren Lehen Aukera kontrataziorako laguntzak, Eskualdeko Enplegu Plana eta enpresak sortzeko programa, esaterako.
Iruzkin berriak