EGAZ Txorierri, enpresen aliatua erronka guztiak betetzeko

EGAZ Txorierri, enpresen aliatua erronka guztiak betetzeko

Zure enpresaren lehiakortasuna, prozesuak eta antolamendua hobetu nahi dituzu? Zure beharretara hobekien egokitzen diren administrazio eta erakundeen programak aurkitu nahi dituzu? Txorierrik zure enpresa garatzeko eskaintzen dituen aukerak ezagutu nahi dituzu?

Txorierriko ekonomia eta enplegua sustatzeko zerbitzua, EGAZ Txorierri, enpresekin ari da lanean, beren erronka garrantzitsuenak detektatzen eta helburuak betetzen laguntzeko, betiere haien egungo egoeraren azterketa pertsonalizatua eginez, beren proiektura hobekien egokitzen diren konponbideak bilatzeko.

2020an, 120 enpresak baino gehiagok parte hartu zuten helburu horrekin abian jarri ziren programetan, eta, pandemiak markatutako urte batean, digitalizaziora bideratutakoak nabarmendu dira.

Orain, 2021ean, aurrera egiteko garaia da, eta EGAZ Txorierrik enpresei beren erronkak betetzen laguntzeko ekintza eta programa guztiak bultzatzen jarraituko du.

Digitalizazioa, nazioartekotzea, berrikuntza eta enpresa-lankidetza

Digitalizazio, nazioartekotzea, berrikuntza eta enpresa-lankidetza funtsezkoak izango dira aurten ere, eskualdeko enpresen lehiakortasuna hobetzeko.

Hala, EGAZ Txorierrik, Innobasque eta SPRIren kolaboratzaile gisa, Txorierriko enpresei lehiakortasun aldetik hobetzen laguntzen jarraitzen du, berrikuntza teknologikoaren bidez edo kudeaketaren, pertsonen eta prozesuen berrikuntzaren bidez. Horretarako, enpresaren abiapuntuko egoera aztertzen du, bere erronkak lehenetsi eta horiei hobekien egokitzen zaizkien konponbide publiko eta pribatuak aurkitzen ditu, eta prozesu osoan orientatzen eta laguntzen die.

Bestalde, digitalizazioaren esparruan, 2021ean Digital Indartuz programaren ekintza berriak egingo dira. Programa hori Bizkaiko Foru Aldundiak finantzatzen du, Bizkaia Orekan Sakonduz programaren esparruan. Aurreko edizioak izandako arrakastaren ondoren, 2021ean berrikuntza bat izango du: web-mintegietan eskainitako tresnak edo konponbideak eskualdeko enpresen behar zehatzetara egokitzeko banakako aholkularitza-orduak sartuko dira, eta, horrela, ekintzara abiaraziko ditu.

COVID-19ak eragindako pandemiak aldatu egin du orain arte ezagutzen genituen aukeren mapa. Une zailak eta aldakorrak dira, eta, aldi berean, ezagutu eta aprobetxatzen jakin beharreko aukerak sortzen ari dira.

Egunerokotasunean zailtasunak ditugun arren, ez dugu bistatik galdu behar etorkizuna. Gai izan behar dugu eguneroko beharrak eta epe ertain eta luzeko estrategiak uztartzeko (hori bai, ahal den neurrian), baina ikuspegi berri batekin, zeina Bizkaiko enpresasarearentzat estrategikoa izango den.

Bizkaiko lau garapen-agentziarekin (Mungialdeko Behargintza, Enkartur, Meatzaldeko Behargintza eta Inguralde), Garapen Agentzien Euskal Elkartearekin (Garapen) eta Bizkaiko Foru Aldundiarekin elkarlanean, eskualdeko enpresen nazioartekotzea bultzatzen jarraitzen dugu, eta indar berrituekin egiten dugu. Enpresak dira Elkarrekin Mundura 2021en benetako protagonistak. Bizkaiko Elkarrekin Mundura Mapamundia marrazten ari gara, zeinak aukera hauek emango dizkigun:

  • Enpresak hobeto ezagutu eta haien ondoan modu pertsonalizatuan lan egiteko aukera.
  • Bizkaiko enpresentzat merkatuak, sinergiak eta aukerak identifikatzeko aukera.
  • Nazioarteko merkatuetan aukerak sortzeko lankidetzan lan egiten duten enpresen eta erakundeen sarea sortzeko aukera.
  • Enpresa partehartzaileen interesen arabera, nazioartekotzeko proiektuak lankidetzan diseinatzeko aukera.

Eta hori guztia, enpresen lankidetzaren ikuspegitik; izan ere, gaur egun, inoiz baino gehiago, enpresa txiki eta ertainek aukera izan dezakete beren negozioak hazteko, beste enpresa batzuekin harremanak estutuz eta elkarrekin proiektuak sortuz, eta Egaz Txorierri da erronka horretan lagun diezaiekeen aliatua.

Egaz Txorierri, Enpresei Laguntzeko Zerbitzua

Gainera, bailarako udaletako ekonomia sustatzeko agente den aldetik, EGAZ Txorierrik enpresei arreta emateko zerbitzu gisa jarduten du, eta informazioa eta aholkularitza eskaintzen die Txorierrin kokapena bilatzen duten edo instalazioak handitu behar dituzten enpresei beren beharretara hobekien egokitzen den gunea bilatzeko. Era berean, informazioa ematen die egin beharreko udal-kudeaketak egiteko orduan nola eta norengana jo behar duten jakin dezaten, bai eta kasu bakoitzean eskaintzen diren mantentze- eta kontserbazio-zerbitzuei buruzko informazioa ere (hondakinen kudeaketa, gorabeheren kudeaketa, udaleko larrialdi-planak). EGAZ Txorierri eskualdeko solaskidea da enpresen beharretarako.

Txorierrin dauden enpresak dira Egaz Txorierrik eskaintzen dituen zerbitzuen protagonistak. Gure ustetan, zerbitzu pertsonalizatuak garrantzitsuak eta eraginkorrak dira; beraz, gure bulegoetara etortzera eta zure enpresaren erronkak/beharrak kontatzera gonbidatzen zaitugu. Gure eskumen/aukeren barruan badaude, zure enpresarekin batera lan egingo dugu horiek lortzeko.

EGAZ Txorierrirekin jar zaitezke harremanetan:

94 453 63 70
egaz@txorierri.eu
www.txorierri.eu