Armairu robotizatu batek irabazi du Txorierriko Ekintzailetzarako Ideien Bideo Lehiaketaren bigarren edizioa

Armairu robotizatu batek irabazi du Txorierriko Ekintzailetzarako Ideien Bideo Lehiaketaren bigarren edizioa

Ikerketa batzuen arabera, pertsona bakoitzak astean 70 minutu galtzen ditu jantziko duen arropa aukeratzen. Datu bitxi horren aurrean, Xabier Cuadrado eta David Cosgayak, Politeknika Ikastegiko Mekanizazioko Goi Mailako Heziketa Zikloko ikasleek, ideia bikain bat aurkeztu dute denbora hori murrizteko; armairu robotizatu bat. Ideia horri esker, bi gazteek Txorierriko Ekintzailetzarako Ideien Bideo Lehiaketaren bigarren edizioko saria jaso dute. Lehiaketa hori EGAZ Txorierrik eta Politeknika Ikastegiak antolatzen dute ikastegiko ikasleentzat eta Txorierrin erroldatutako 16 eta 29 urte arteko pertsonentzat (Bizkaiko Foru Aldundiak eta Txorierriko Mankomunitateak sustatzen duten Gaztedi programaren barruan sartzen da). Gainera, lehiaketa irabazteaz gain, bi smartwatch ere jaso dituzte.

“Infinity Furnitures” izeneko bideoak bikain azaltzen du armairu robotizatu baten funtzionamendua; horrek erabiltzaileen denbora optimizatuko luke egunero arropa aukeratzerakoan. Kategoriatan antolatuta egongo litzateke (adibidez, “udako arropa” edo “neguko arropa”); horrek aukera emango lioke erabiltzaileari agindu zuzen bat bidaltzeko, eta altzari adimendunak haren eskaerekin bat datorren arropa aterako luke segundo gutxitan.

Ideia interesgarria da etorkizuneko ekintzailetzari begira, eta, epaimahaiaren ustetan, 2020-2021 lehiaketako onena izan da; izan ere, aurreko edizioa, hasiera batean joan den urteko martxorako aurreikusi zena, atzeratu egin behar izan zen pandemiaren ondorioz.