Altzari birziklatuak eta 3D inprimatzeak, Txorierriko ekintzailetzako ideien bideo lehiaketaren irabazleak

Altzari birziklatuak eta 3D inprimatzeak, Txorierriko ekintzailetzako ideien bideo lehiaketaren irabazleak

Material birziklatuak erabiliz egindako altzariak merkaturatzeko proiektu bat eta hezkuntzan nahiz prototipoak egiten dituzten enpresetan, baita desgaitasunen bat duten pertsonentzat neurrira egindako tresnak egiteko ere, erabil daitekeen 3D inprimatze-proiektu bat izan dira ekintzailetzako ideien bideo lehiaketaren I. edizioko irabazleak. EGAZek eta Politeknika ikastegiak antolatu dute Txorierrin, Bizkaiko Foru Aldundiak sustatzen duen Gaztedi programaren barruan, Txorierriko Mankomunitatearekin batera.

Ekimen horren bidez, Bizkaiko Foru Aldundiaren gazteria-programak Txorierrin kultura ekintzailea ezartzearen aldeko apustua egin du, gazteei zuzenduriko proposamen baten bidez. “Kultura ekintzailea ez da soilik enpresak sortzea, baizik eta baita pentsatzeko gaitasuna garatzea ere”, azpimarratu zuen Politeknika Txorierri ikastegiko zuzendari Josu Orbek sari-banaketan, joan den maiatzaren 13an.

Politeknikako ikasleek eta, oro har, Txorierrin erroldatutako 16 eta 29 urte arteko gazteek parte hartu ahal izan dute ekimenean.
Parte hartzeko, ideia ekintzaile bat jasotzen zuen bideo bat bidali behar zen; hain zuzen ere, ikaskuntzari loturiko proiektu berritzaile bat edo enpresa-ideia bat.

Jasotako proposamen guztien artetik, Eneko Barcinak irabazi du banakako kategorian; talde-kategorian, berriz, Jon Ander Machuron, Julene Madariaga, Iraida Bueno eta Nerea Hidalgoren taldeak irabazi du.

Barcina Telekomunikazio eta Informatika Sistemen Gradua ikasten ari da Politeknika Ikastegian, eta 3D inprimagailuak ikasgeletara eramateko bere proiektuarekin irabazi zuen saria: nola funtzionatzen duen azaldu zuen eta diseinuak gero inprimatutako pieza nola bihurtzen diren erakutsi zuen. Horrez gain, bere proiektua prototipoekin aritzen diren enpresetan ere aplika daiteke. “Piezak azkar eta merkeago inprima ditzakete, probak eta prototipoak egiteko. Horrez gain, desgaitasunen bat duten pertsonentzat ere erabilgarria da, egunerokoan lagungarriak izango zaizkien tresnak erraz eta azkar egin daitezkeelako”, azaldu du banakako kategoriako irabazleak; haren esanetan, lehiaketan gehien kostatu zitzaiona bere ideia negozio gisa ikustea izan zen.

Jon Ander Machuron, Julene Madariaga, Iraida Bueno eta Nerea Hidalgok osatutako taldeari dagokionez, negozioaren alderdia ezagunagoa zitzaien, Salmenten eta Merkataritza Guneen Kudeaketa gradua ikasten ari baitira. Haien kasuan, zailena bideoan gehitu zuten erronka izan zen; izan ere, proiektua (birziklatutako kartoia erabiliz oso erresistenteak diren altzariak egiteko enpresa bat) azaldu baino zerbait gehiago egin nahi zuten, “arreta erakarri” nahi zuten, bideoa iragarki bat balitz bezala.

Horrez gain, proposatzen duten negozio-ereduak irabazien zati bat proiektu solidarioetan inbertitzeko aukera emango du. Hain zuzen ere, diru hori Afrikara jostailuak bidaltzeko erabili nahiko lukete.

Lehen urratsa, “sormena aske uztea”, dagoeneko eman dute. Politeknika Ikastegiako zuzendariak horixe azpimarratu zuen: lehen urrats garrantzitsua “ideiak garatzeko nahia izatea” da; ideia horiek “ingurune hurbilean sustraituta” egon beharko dira eta “gizarteari balioa eman behar diote”.

Eta hurrengo urratsa eman eta praktikara eraman nahi izanez gero, Iñigo Mazok, EGAZ Txorierriko sustapen ekonomikoko teknikariak, zerbitzu horretara bertaratzera animatu zituen; izan ere, bertan behar duten orientazioa eta laguntza eman diezaiekete ideia hori “proiektu batean islatzeko, merkataritza- eta ezagutarazte-helburuekin, besteak beste”, baita proiektua errealitate bihurtzeko behar izan dezaketen beste edozer ere.

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


*

Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>