200 pertsonak baino gehiagok parte hartu dute Txorierriko Mankomunitateak antolatutako Ekintzailetza eta Enplegu Egunean

200 pertsonak baino gehiagok parte hartu dute Txorierriko Mankomunitateak antolatutako Ekintzailetza eta Enplegu Egunean

200 pertsonak baino gehiagok parte hartu zuen ostegunean Txorierriko Ekintzailetza eta Enplegu Egunean. Ekitaldia Zerbitzuen Mankomunitateko Gazteria Zerbitzuak eta Bizkaiko Foru Aldundiak antolatu zuten, Txorierriko Enplegu eta Garapen Ekonomikoko Zerbitzuaren (EGAZ Txorierri) laguntzarekin eta Gaztedi Bizkaia foru programaren esparruan. Ekitaldia Derioko Kultur Birikan egin zen, eta hainbat hitzaldi, ekintzailetza-dinamika eta enplegura bideratutako hizketaldi antolatu ziren.

Goizeko hamarretatik arratsaldeko ordu biak arte, bertaratu ziren eta aretoa bete zuten gazteek aukera izan zuten prestatzaile eta ekintzaileekin harreman zuzena ezartzeko. Gainera, azken horiek beren ekintzailetza-esperientzia partekatu zuten. Ekimenaren helburu nagusia, Txorierriko gazteen enplegagarritasuna hobetzeaz eta eskualdearen lehiakortasuna bultzatzeaz gain, lana bilatzen ari diren edo beren ibilbide profesionalak orientatzeari buruzko informazioa jaso nahi duten gazteak ekintzailetzaren errealitatera eta bere erronka eta aukeretara gerturatzea izan zen.

Horixe transmititu zuen Txorierriko Zerbitzuen Mankomunitateko presidente Josu Andoni Begoñak irekiera-hitzaldian, eta hau azpimarratu zuen: “Ideiak, ahalegina eta ilusioa oso garrantzitsuak dira edozein enpresaren arrakastari begira, baina ezin dugu alde batera utzi prestakuntza egokia izatea ere oso garrantzitsua dela, arrakasta-berme gehiago emango baitizkigu”. Horrez gain, Gazteria Zerbitzuak gazteen eta enpresa-ekimenak sortzearen alde egin duten pertsonen arteko topagune bat sortu zuen, esperientzia profesionalak trukatzeko aukera emanez, elkarrekiko ikaskuntza sustatze aldera.

“Ziur gaude areto honetan ideia on asko daudela, eta Mankomunitateak eta udalek dugun konpromisoa da ideia horiek praktikara eramateko behar duzuen laguntza guztia ematea. Hitz batez, jardunaldi honen helburua da tresna guztiak eta babes osoa ematea, lan-merkatura sartzeko zuen bidean laguntzeko, eta zergatik ez, baita zuen enpresa-proiektuetan hastekoan ere.

Mankomunitateak Kultur Birika bete zuten lagun guztiak motibatu nahi izan zituen. Horretarako, lehen hitzaldiak ekintzailetzaren bideari ekin dioten pertsonen benetako kasuak izan ziren. Antonio Laso izan zen lehen hizlaria, Aleovitro bioteknologia-enpresakoa (Zamudioko BIC Bizkaia eraikinean dago). Laso kimikako doktorea da eta Eneko Ochoa bere kidearekin batera eginiko ekintzailetza-prozesua azaldu zuen, beren enpresa sei pertsonako plantillara zabaldu arte. Besteak beste, desagertzear dauden landareak berreskuratzen saiatzen dira eta eliteko kirolarien profil metabolikoak egiten dituzte. “Pasilloan ere lan egitera iritsi ginen, gure inkubagailua ez genuenean”, esan du barre artean.

Ondoren, Irene Rodríguezen txanda izan zen, Iddtek ingeniaritza-enpresakoa, eta hitzaldian, ekintzailearen erantzukizuna azpimarratu nahi izan zuen: “Gustatzen zait pentsatzea gazteei laguntzen diegula lehen enplegua aurkitzen edo beren lan-bizitzaren norabidea aldatzen; baina, batez ere, laguntza ematen diogula jendeari benetan betetzen dituen hori egin dezaten”. Ildo beretik jarraitu zuten ere Virginia Ponsek, esperientzien eta gastronomiaren arloko ekintzaileak, eta Idoya Garcíak, Boxsr enpresakoak. “Ekin egin behar dugu gure ametsak betetzeko. Zailtasunak egongo dira beti, baina gogoz dena gaindi daiteke”, esan zuen Garcíak. Gizonentzako kosmetika produktuen bere lerro berria esponentzialki hazi da azkenaldian, gizonentzako zainketa-produktuei buruzko hainbat tabu hautsi ondoren.

Ekintzailetza, enplegua eta nazioarteko orientazioa

Hitzaldien lehen tarte horretan, beste hitzaldi batzuk ere izan ziren: Eneko Barcinarena, Derioko Politeknika Ikastegiko ekintzailetza bideoen lehiaketako irabazlearena (lehiaketa EGAZ Txorierrik eta Bizkaiko Foru Aldundiak antolatu zuten); Aitor Isasirena, Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV-EHU) Zitek ekintzailetza-programa zertan datzan azaldu zuena; eta Iñigo Mazorena, EGAZ Txorierriko sustapen ekonomikoko teknikariarena, bertaratuak EGAZeko ekintzailetza-zerbitzura jotzeko animatu zituena, orientazioa eta laguntza jasotzeko “ideiak proiektu batean islatzeko, dagozkion merkaturatze, hedapen… helburuekin”, eta, labur esanda, hori egia bihurtzen laguntzeko.

Bertaratuek, halaber, ekintzailetza-prozesua esperimentatu ahal izan zuten, EGAZeko teknikari Susana Vidalek eginiko dinamika baten bidez. Dinamika horretan, ia ehun eta berrogeita hamar parte-hartzaileak zortzi taldetan banatu zituen, eta talde bakoitzak enpresa bat sortu behar izan zuen, negozio-ideiak, elementu bereizgarriak eta proposamenak finkatuta. Aurkeztutako ideiak askotarikoak izan ziren: talentua hautatzeko enpresa bat, nekazaritzako ingeniaritzara bideratutako bat eta ikastetxeetan bullyinga ekiditeko bat, besteak beste.

Bazkaltzeko atsedenaren ondoren, nazioarteko orientatzaile Ainhoa Oarrek nazioarteko programek (Ploteus, Erasmus, Erasmus+. Europako Boluntariotza Zerbitzua, etab.) eskaintzen dituzten prestakuntza-aukerei buruz hitz egin zuen, eta batez ere, gure mugetatik kanpoko “heziketa ez-formala” azpimarratu nahi izan zuen. “Gehiegi gustatzen zaizkigu paperezko tituluak”, esan zuen; eta baina enpresek eskatzen dituzten eta ikastetxeetan eskuratzen ez diren beste gaitasun batzuk lortzea ere beharrezkoa zela argudiatu zuen.

Lanbide – Euskal Enplegu Zerbitzua ere jardunaldian izan zen; Susana Cejudok, Bizkaiko zerbitzuaren lurralde arduradunak, erakunde publikoak lana bilatzeko eskaintzen dituen aukeren berri eman zuen. “Datorren etorkizuna, tokatuko zaizuena, askoz malguagoa izango da. Errazagoa izango da lana aurkitzea, baina proiektutako lan gehiago ere planteatzen da”, azaldu zuen.

Lanbidek gauzatzen duen orientazio eta laneratze lana ere azaldu zuen, baita profil bakoitzerako egokia den prestakuntza eta enplegua identifikatzeko gauzatzen duten analisiaren nondik norakoak ere. “Enpresariek gugan jartzen dute konfiantza beren postu hutsak gure datu-baseetan kontsultatzeko”, adierazi zuen. Cejudok, halaber, “nork bere burua berrasmatzekobeharra azpimarratu zuen, arlo ezberdinetan enplegua bilatzeko orduan, etengabe aldatzen ari den merkatuaren esparruan.

Esther Apraizek, Derioko alkate eta EGAZ Txorierriko presidenteak, itxi zuen saioa, eta bertaratu izana eskertu zien guztiei. “Zalantzarik gabe erabateko erronka da ekitea, baina ez da ezinezkoa. Prestakuntza ezinbestekoa da etorkizuneko erronka hori lortzeko”, esan zuen. “Txorierriko Mankomunitateko udalek lanean jarraituko dugu inbertitzaileek, enpresek eta gainerakoek Txorierrin aurki dezaten instalatzeko lekurik onena. Eta horretarako, zuen laguntza behar dugu”, adierazi zuen, bukatzeko.

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


*

Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>