1.000 pertsona baino gehiagok parte hartu zuten Txorierriko Enplegu Azokaren bigarren edizioan, eta 20 enpresa eta erakunde baino gehiago ere izan ziren bertan

1.000 pertsona baino gehiagok parte hartu zuten Txorierriko Enplegu Azokaren bigarren edizioan, eta 20 enpresa eta erakunde baino gehiago ere izan ziren bertan

Azaroaren 9an (ostirala), 1.000 pertsona baino gehiago bertaratu ziren Txorierriko Enplegu Azokaren bigarren ediziora. Egun horretan, Derioko Kultur Birika profesionalen bila zeuden enpresen eta aukera berrien edo lanpostu hobearen bila zeuden pertsonen arteko topagune izan zen.

Topaketa Txorierriko Mankomunitateko Gazteria Zerbitzuak eta Bizkaiko Foru Aldundiak antolatu zuten, EGAZ Txorierriren laguntzarekin, Gaztedi Bizkaia programaren esparruan.

Goizeko hamarretatik arratsaldeko ordu bietara, gazteek enpresa eta erakunde enplegatzaileekin harreman zuzena ezartzeko aukera izan zuten. Bestalde, etengabeko prestakuntzari eta curriculumean gaitasun eta konpetentziak jasotzeko modu egokiari buruzko informazioa jaso zuten. Txorierriko II. Enplegu Azokara hainbat sektoretako 20 punta-puntako enpresa bertaratu ziren; hauek, adibidez: Grupo Lontana, Ferchau, ITP Aero, Fanox, Residencias Naguspea, RDT Ingenieros, SGS Formación, Ormazabal-Velatia eta Fundación Bizia. Azken horrek bestelako ahalmen fisiko eta intelektualak dituzten pertsonen txertatzea bultzatzen du. Horrez gain, zentro instituzionalak (EGAZ Txorierri) eta prestakuntza zentroak (Politeknika Ikastegia edo UPV-EHU) ere bertan izan ziren.

Bizkaiko Foru Aldundiaren behatokiko zuzendari nagusi Maitane Leizaolak, ongietorri ofizialean, gazteak animatu zituen lanean interesa albait arinen jartzen eta “Txorierrik eta Bizkaiak eskaintzen duten enpresa-sarea aprobetxatzen”. Horrez gain, honako hau adierazi zuen: “irekita egon behar da, lanbide berri asko daudelako. Gainera, Txorierriko enpresek orokorrean aukerak ematen dituen tokiko enplegua eskaintzen dute”.

Horretarako, Kultur Birikak hiru gune ezberdin izan zituen: Iparraguirre eta Lauaxeta gela, Atrio eremua eta Euskadi aretoa. Horietan enpresen aurkezpenak, hitzaldiak eta mahi-inguruak egin eta enpresa kolaboratzaileen standak jarri ziren. Lehenengo hitzaldia Ainhoa Oar orientatzaileak eman zuen. Hain zuzen, nazioarteko orientazio hezigarri eta profesionalari buruz hitz egin zuen.

Egunean zehar mahai-inguru bat egin zen, Lan-merkatuaren analisia estrategia sektoreka izenburukoa. Horretan Luis Madariagak, Ana Arenazak, Paola Salanuevak eta Leire Gómezek parte hartu zuten. Horiek honako enpresa hauen giza baliabideetako arduradunak dira, hurrenez hurren: Gaiker, Ibermatica, Grupo Noray GB eta Fanox. Hainbat gauza azpimarratu zituzten, beste batzuen artean, gaur egungo enpresetan hizkuntzak ezagutzeko beharra eta euren konpainietan egun eskatzen ari diren profil teknikoak eta teknologikoak.

Horrez gain, “zeharkako konpetentziak edo konpetentzia ukaezinak” ere aipatu zituzten. Paola Salanuevak hau esan zuen horiei buruz: “beharrezkoak dira zure burua aurkezteko eta enpresan irudi ona emateko”. Horien artean, honako hauek nabarmendu ziren: malgutasuna, moldatzeko gaitasuna eta etengabe prestatzeko beharra. “Unibertsitatea bukatu eta gehiago ikasiko ez dutela uste dutenak guztiz oker daude; izan ere, guztiok jarraitzen dugu prestatzen”, azpimarratu zuen Ana Arenazak. Azken hori oso baikor agertu zen eta honako hau gehitu zuen: “ehunka aukera dauzkagu eta edozein momentutan aprobetxatu ahal ditugu, egunero. Aukera horiek oso onuragarriak izan ahal dira etorkizunean”. Horren harira, Luis Madariagak hau esan zuen: “lana aurkitzeko oinarrizkoa da ilusioa izatea, hori baita elkarrizketa egiten duenak gehien baloratzen duena”. Bien bitartean, Iddtek, Lanbide, ITP Aero, Matrici eta We Bringek haien aurkezpenak egin zituzten.

EGAZ Txorierriko zuzendari Esther Apraizek itxiera diskurtsoan adierazi zuen Txorierriko Enplegu Azoka aukera paregabea dela topalekuak errazteko enpresen eta lan bila dauden edo haien karrera profesionala hobetu edo birbideratu nahi duten gazteen artean. Horretaz gain, nabarmendu nahi izan zuen Txorierriko Mankomunitateak, udalek eta eskualdeko enpresek lanpostuak sortzen egiten duten ahalegina.

Submit a Comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude


*

Ondorengo XHTML etiketa eta atributuak erabil ditzakezu: <a href="" title=""> <abbr title=""> <acronym title=""> <b> <blockquote cite=""> <cite> <code> <del datetime=""> <em> <i> <q cite=""> <strike> <strong>